Errosaixo Bixamon Eguna gaur Oñatin

Txomin Madina Milikua 2012ko urriaren 8a

Jaietako azken txanpan sartuta, mozorroa janzteko eguna da gaurkoa oñatiarrentzako. Aratusteetan moduan, ez-ohiko itxuta hartuko dute Oñatiko bizilagunek eta herriko kaleek. Zertaz mozorrotu? Nola? Karroza bai ala ez? Egunak, asteak eta hilabeteak prestatzen eman eta gero, gaur da emaitza ikusteko eguna. 

JAI ASTEBURUAK EMANDAKOAK:

Jerardo Elortza historialariaren arabera, Errosaixo Bixamona beti izan da jaietako egun handietako bat, baita San Migel Bixamona ere. San Migel eta Errosario egunak hitzordu serioak omen ziren; Bixamonak aldiz, parrandarako aukera gehiago ematen zutenak.

Herritarren sormena

Zezenak eta kalejirak izaten ziren, lehen, Bixamonetako ekitaldi garrantzitsuenak. Aurretik koadrilaren batek edo bestek horrela egiten zuen arren, mozorrotzeko ohiturak trantsizio ostean hartu omen zuen indarra, eta horrela mantendu da gaur egun arte.

"Jaietako hiru egun nagusien artean, kaos izaera handienekoa da, jendeak sormena ateratzen duen eguna", dio Manu Egañak, Kultura zinegotziak, eta gaineratu: "Herri batek ez duela egitarau potente baten beharrik erakusten du; herria antolatzen denean, besteak soberan gaudela". Horrek ez du esan gura egitarauan hutsik dagoen eguna denik: musika eta sokamuturra ere izango dira.

Kalejirak eta kontzertuak

Sokamuturrari dagokionez, bi saio izango dira: 09:30ekoa eta 17:00etakoa. Bi saioak Arno ganadutegiko zezenekin egingo dira.

Musikari dagokionez, eguerdian musika banda ibiliko da kalejiran eta 18:00etan, Skandalue Elektrotxaranga. 18:30ean herriko musikarien Di-Bertsioak izeneko emanaldiak izango dira txosnetan, eta 20:00etan eta 23:00etan, Lisker taldearekin dantza egiteko aukera egongo da plazan. Bazkaltzeko paella egongo da txosnetan; zazpi euro balio du sarrerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak