Txantxikuaren jaitsiera, San Migel jaietako lehenengo eguna hasteko

Jagoba Domingo 2012ko irailaren 28a

Aurten ere, txosna batzordea lanean ibili da San Migeletan, oñatiarrei eskaintza zabala plazaratzeko asmoz. Irailaren 28an emango diete hasiera jaiei, eta urriaren 8ra arte egongo dira jo eta ke, jaiak indartzeko asmoz.
Era askotariko ekintzak prestatu dituzte, hala nola karaokea, galtzontzilo eta kulero lasterketa, pilota txapelketa, kontzertuak eta bideo emanaldia; haien esanetan, ekintza horiek dira azpimarragarrienak.

Txantxikuaren jaitsiera

San Migelei behar den moduko hasiera emateko, Txantxikuaren jaitsiera egingo dute irailaren 28an, arratsaldeko zortzietan. Txantxikua kanpandorretik txosnagunera jaitsiko da, eta orduan hasiko dira txosna batzordearen jaiak.
Horrez gain, egubakoitzean  danborrada egongo da Oñatiko kaleetan zehar, eta beste konpartsa bat sortu dute batzordekoek. Bertan, 220 lagun berrik hartuko dute parte, egindako deialdiari erantzunda, eta Oñatiko triki-txarangarekin sortutako kantu berriak estreinatuko dituzte.

Eta goizeko zortzietan, gaupasa-zaleen argazkia egingo dute txosnagunean, txokolate-janarekin bat.

Kontzertua eta Olinpiadak

Zapaturako rock kontzertua antolatu dute. Besteak beste, punk-rock, heavy, stoner eta 60ko hamarkadako ska doinuak izango dira entzungai: KOP katalanek, Akatz bilbotarrek, Gaur Ez iruindarrek eta GAS oñatiarrek berotuko dute bigarren gaua. 

Urriaren 5ean, berriz, Egun Morea ospatuko dute, eta genero berdintasuna aldarrikatzeko asmoz ekitaldi bereziak antolatu dituzte. Olinpiada Moreak dira egun horretako ekitaldi nagusia, eta jende asko elkartzea espero dute, gazteengan kontzientzia morea esnatzeko.

Manifestazioa eta paella

Herri Egunean, urriaren 6an, preso politiko eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko Herrirak antolatu duen ekitaldian izango dira txosna batzordeakoak.

Eta jaiei amaiera ezin hobea emateko, Errosaixo Bixamon egunean, urriaren 8an, paella-jana eskainiko dute txosnagunean. 500 lagunentzako mahai, aulki eta edariak jarriko dituzte, eta txartelak eskuragai daude dagoeneko.
Eta gauean, ohitura denez, Oñatiko taldeak taula gainera igoko dira, talde ezagunen bertsioak eskaintzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak