Oñatiko jakiei eta edariei protagonismoa emanda dator aurten Herri Eguna

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko irailaren 28a

Egun borobila izaten da Oñatiko Herri Eguna, berezia herritarrentzat. Urriaren 6an haur, gazte eta helduek izango dute zer egin egun osoan zehar.

Egitarau zabalarekin dator aurten ere Herri Eguna. Goizeko 9etan Txistulari Bandak kalera atera eta herritarrak esnatzeko lana hartuko du bere gain, modu horretan, etenik gabeko egunari hasiera emanda.

Pixka bat geroago, Unibertsitate inguruan ohiko ganadu eta artisau erakusketa egingo da, 10:30ean hasita: pottokak, astoak, euskal txerri eta oiloak, lore eta landare erakusketa...

Baina Herri Eguneko ferian erakusketaz gainera, lehiaketak ere egingo dira, urtero moduan. Herri mailako ardi, ahari eta bildots lehiaketa egingo da, alde batetik, eta fruitu eta barazki lehiaketa, bestetik.

Bien bitartean, Jose de Azpiazu Musika Eskolako triki-pandero eta soinu-joleak kaleak alaitzera irtengo dira 11:00etan. Ez dira bakarrik egongo egiteko horretan, haiekin batera txistulariak eta Tolosako gaitariak arituko baitira, gainera.

Kanpoko eta etxeko sagardoa

Lagun ugari erakartzen duen Herri Eguneko beste hitzordu bat plazan eguerdian hasiko den eta aurten 25. ediziora iritsi den sagardo dastaketa da. Bertaratatutako lagunek Gipuzkoako zenbait herritatik ekarritako sagardoa dastatzeko aukera izango dute; besteak beste, Abaltzizketa, Astigarraga, Ataun, Legorreta, Ikaztegieta zein Usurbildik.

Baina aurtengo egitarauan bada berritasunik sagardoari dagokionez. Izan ere, askok ez dute Oñatiko zenbait baserritan sagardoa ekoizten denik jakingo. Ondorioz, eta herriko produktua kalera ateratzeko asmoz, Oñatiko bertako sagardoa dastatzeko aukera paregabea egongo da Txaketua bidegurutzean, 12:00etan. Hala, herriko sagardogileek beraien produktua jendaurrean ezagutzera eman, eta gura dute guztiekin partekatuko dute.
Leibar baserriko Bixente Urtzelai izango da bertan egongo denetako bat, eta, adierazi duenez, normalean etxean eta lagunartean kontsumitzeko sagardoa ekoizten dute. "Txaketuakoa hitzordu polita izango dela uste dut, herriko hamabost ekoizle inguruk baserrian egiten dugun sagar ardoa aurkeztuko baitiogu herriari. Ez dauka sagardo ofizialarekin desberdintasun handirik, eta harro esan dezakegu guk ere produktu polita egiten dugula".
Sagardoarekin eztarria busti ondoren, sabela betetzeko ordua izango da, urtero moduan, Zubikoa kiroldegian. Antolatzaileek mila pertsonarentzako bazkaria prestatuko dute, baina aurten, gainera, nobedadeekin datorren hitzordua izango da.

Manu Egaña Kultura zinegotziak aipatu duenez, aurtengo berritasuna da bazkaria egiteko erabiliko dituzten produktuak Oñatikoak izango direla.

Herri kirolak, Salbea...

Arratsalde partean ere egongo da zer egin. Besteak beste, herri kirolak gustuko dituztenek hitzordua dute 17:00etan plazan (euria egingo balu, Zubikoan izango litzateke). Aurrena gazteen txanda izango da eta ordubete geroago profesionalak arituko dira toki berean. Azken horiei dagokienez, Egañak azaldu du erakustaldi polita antolatu dutela, "gizonez gainera emakumeak arituko baitira, bat harria jasotzen, eta beste bi trontzan".
Herri kirolaz gozatzeko aukeraz aparte, aldarrikapenerako tartea ere egongo da Herri Egunean, txosnagunetik 19:00etan Euskal Preso Politiko eta iheslariak Euskal Herrira eskubide guztien jabe lelopean irtengo den manifestazioan. Eta 19:30ean, berriz, Salbea egingo dute, urteroko ohiturari jarraituz, parrokian.

Musikaren ordua

Egunean zehar artisautza, sagardogintza, bazkari eta herri kirolarekin gozatu ostean, musikaren aukera egongo da baita ere Herri Egunean.

Taula gainera igotzen lehenengoak Zesuma trikitilariak izango dira. Haien doinuek jendea dantzan ipiniko dute Atzeko kaleko plazan 18:30ean hasiko den erromerian. Ordubete geroago, 19:30ean, Dantzadi taldearen txanda izango da, herriko plazan.

Gauean, berriz, 23:00etan hasita, txosnagunean talde mitiko bat igoko da agertokira: Joselu Anaiak. Betiko abestiak kantatuko dituzte; besteak beste, Marina eta Bota Bota Hona Txebetxea.

Ondoren, eta Herri Eguneko egitarauari amaiera emanez, ska-punk doinuak nagusituko dira txosnagunean. Izan ere, Azpeititik etorritako Egurra eta Kitto taldeak bertaratutakoak dantzan ipintzeko ardura izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak