Eta dantza kopuru aldetik saio ikusgarria izango dela pentsatzekoa bada ere, jakinda 50 bat dantzarik eta 15 bat musikarik parte hartuko dutela, aurreikus daiteke are eta jaialdi ikusgarriagoa izango dela Oñatzek prestatu duena. "15-35 urte bitarteko dantzariek parte hartuko dute; batzuendako, gainera, herrian egiten duten lehen jaialdi garrantzitsua izango da. Musikariei dagokienez, berriz, Arrasateko gaiteroen laguntza izango dugu, baina gainontzeko guztiak musikari oñatiarrak izango dira: txistulariak, trikitilariak… Aurtengo Corpus ostean hasi ginen jaialdi berezi hau lantzen", jakinarazi dute Jesus Irizarrek eta Arkaitz Bengoak, Oñatz Dantza Taldeko ordezkariek. Kontatu dute, baita ere, jantzi bereziak erabiliko dituztela, probintzia bakoitzeko dantzei dagozkien jantziak, alegia. Eta jaialdi berezi hori egiteko oholtza izango dutela ere bai.
Bigarren aldia
Oñatz Dantza Taldeak halako jaialdi bat egiten duen bigarren aldia da oraingo hau. "Orain dela zazpi urte egin genuen aurrena. Azken zazpi urteotan, baina, herri-antzerkia egin izan dute jaietan. Aurten, berriz, ez da antzerkirik egongo, eta aukera izan dugu gu sartzeko", azaldu dute Irizarrek eta Bengoak.
Lana herriratu eta ezagutarazi
Izan ere, Oñatz Dantza Taldeak helburu eta arrazoi jakin batengatik antolatu du Euskal Herria dantzan jaialdia: "Gehienek Oñatz ezagutzen dute bakarrik Corpusetan jarduten dugulako (Oñatiko dantzak egiten ditugu egun horretan) eta Aratusteetan ateratzen garelako (Luzaideko dantzak egiten ditugu orain). Eta gura duguna da erakutsi taldeak beste lan batzuk ere egiten dituela. Hau da, nahi dugu azpimarratu gatozela erakustera dantza desberdin batzuk, ez direla normalean egiten ditugun betiko dantzak. Eta herritarrei ezohiko dantzak erakusteaz gainera, urtean lan mordoa egiten da dantza taldean, eta gure nahia da hori ez dadila Corpusetara eta Aratusteetara mugatu. Kanpoan erakusten ditugu dantza horiek, baina Oñatin ez", azaldu dute Irizarrek eta Bengoak.
Horrela, kontatu dute prestatu dutela taldean lantzen duten dantzen arteko zerrenda bat, "eta lau probintzietako dantzen jaialdia" egingo dutela Oñatin: Nafarroa (Zuberoa barne), Gipuzkoa, Araba eta Bizkaikoak. Denetariko dantzak izango dira, neskenak, mutilenak, mistoak…
DantzakAgurra Nafarroa: Jaurrita, Zuberoa eta Jota fandango. Gipuzkoa: Ezpata dantza, Uztai dantza, Makil dantza, Kontrapas, Igitai dantza (12koa), Ibarzabaleko Uztai dantza eta Txarri dantza. Araba: Poupourria. Fandango eta Arin-arin mixtoak Bizkaia: Ikurrin dantza, Makil dantza, Banakoa, Txankarrankoa, Batelerak, Kaskarotz, Kaixarranka, Fandangoa eta Arin-arina. |