Lazarraga jauregiaren ateak herritarrei zabalduko zaizkien lehenengo eguna izango da irailaren 29a. Horixe izan da Udalaren nahia. "Lorategi ederra eta ikusgarria daukagu herriko plazatik gertu eta hori herritarrei zabaldu nahi genien. Hori horrela, Sotomayorko dukearekin harremanetan ipini gara eta baiezkoa eman digu. Ez du inolako oztoporik ipini eta jarrera ona izan du", adierazi du Kultura zinegotzi Manu Egañak.
Oñatiarrek, seguruenik, gustura hartuko dute dukearen gonbita, herriaren erdi-erdian kokatuta eta horrenbeste urtetan itxita egon den atearen atzean zer dagoen ikusteko aukera izango dute-eta.
Dena dela, eguraldiak lagundu egin beharko du horretarako. Euria eginez gero udaletxeko arkupeetan eskainiko du kontzertua bandak.
Lehenengoa, baina ez azkena
Udala pozik dago kondearekin egindako akordioarekin. Izan ere, San Migel eguneko kontzertua izango da Lazarragako jauregiko lorategian egingo den lehenengo emanaldia, baina ez azkena. Udalaren asmoa da aurrerantzean kultura arloko beste emanaldi batzuk ere bertan egin ahal izatea. "Toki zoragarria da kultur ekitaldiak egiteko, eta aprobetxatu egin nahi dugu. Oñatiko kultura eskaintzarako beste gune bat bilakatu nahi dugu eta dukea ere ados dago horrekin", azaldu du Egañak. Musika doinu ederrekin batera, beraz, paisaia politaz gozatzeko aukera izango da San Migel eguneko kontzertuan.
Kontzertuko egitaraua
'Oñati': Zortzikoa Antonino Ibarrondo.
'A San Migel': Martxa Refice.
'Caballeria Ligera': Obertura Fr. Von Suppe.
'Aires vascos Nº1' Jose Franco Ribate.
'Les patine urs': Vals E. Waldreufel.
'La vida es bella': Soinu banda Jose Franco Ribate.
'Atzeko kale': Pasacalle Antonino Ibarrondo.
Lazarragatarren leinutik, Sotomayorko dukearenganainoLazarraga jauregia XVI. mendean eraiki zuten eta XVII. mendean eraberritua izan zen. Gaur egun Sotomayorko dukearena da jauregia, aurreko urteko abuztuan hil zen Sotomayorko dukearen semearena, hain justu. Dukearen aita Albako dukesaren lehen senarraren (Martinez de Irujo) anaia zen. Historian atzerago eginda, XVI. mendean Juan Lopez de Lazarraga bizi izan zen jauregian, lazarragatarren leinuko pertsonaia esanguratsuena. Ezagunak dira Oñatiko kondearekin zituen harreman txarrak, lazarragatarrak ganboatarrak baitziren eta kondea, berriz, oinaztarra. Juan Lopez de Lazarragak herriko elizan lurperatua izan nahi zuen, baina kondearen ezezkoa jaso ostean Bidaurretako komentua eraiki zuen bertan lurperatua izan zedin. |