Jai batzordean herritar talde batek planteatu zuen sokamuturra herrira zabaltzea. Hala, Jai batzordeak onartu eta horrekin aurrera egitea erabaki du. Bi arratsaldetan sokamuturraren ibilbidea luzatu egingo da. Atzeko Kalera, Kale Barrira eta herriko plazara mugatzen da ibilbidea, kale horiek elkarrekin batuz, hain zuzen ere.
1998an plazara mugatu zen sokamuturra; orain, 14 urteren ostean, eta herritar talde batek eskatuta, berriro berreskuratuko da lehengo ibilbidea. Hala, saioko bost edo sei bigantxa, bere sokarekin, kalean gora eta behera ibiliko dira hilaren 30ean, domekan, eta urriaren 8an, astelehenean, arratsaldez. Aurten ere ez direla poneyak egongo azaldu digu German Meabebasterretxeak, Kultura teknikariak; iaz kendu zituzten eta aurten ere ez direla izango azaldu gura izan digu.
16 urtetik gorakoendako
Udaleko Kultura Sailetik azpimarratu gura izan digute segurtasun neurriengatik 16 urtetik beherakoek debekatuta dutela sokamuturrean parte hartzea; izan ere, legeak eta artikuluak ez ditu babesten, eta horregatik 16 urterainoko adina mugatu du Oñatiko Udalak.
Burladero edo korrikalariak babesteko tokiari dagokienez, Udaletik eskatu dute gune hori korrikalariendako dela, eta ez herritarrak bertan ikusten egoteko. Izan ere, sokamuturreko parte-hartzaileak bigantxengandik babesteko propio jarritako guneak jarriko ditu Udalak ibilbideko zenbait gunetan: Kale Barrian eta Atzeko kalean, hain justu.
Zezena pasako den etxe-atari eta denda atariei dagokienez, bizilagunek kontuan izan behar dute horiek itxita mantentzeko.