"Bergarak abiatu zuen hau eta elizan ere Kandelaria egunean egiten dute antzeko ekimena; baina guk bataiatu direnak beharrean, jaio direnei aurkezpen ofiziala egin gura diegu modu honetan. Hau da, iazko San Migel egunetik aurtengora jaioko direnei ongietorria egin nahi diegu", azaldu digu Manu Egañak, Kultura zinegotziak.
Aipatu moduan, hilaren 30a ume eta gaztetxoen gozamenerako eguna izango da. Ekintzak 11:00etan hasiko dira eta ume eta gurasoendako egitarau berezia egingo da herriko plazan 14:00ak arte –ludoteka, tailerrak, lehiaketak…–. Eguerdian 112 ume inguru batuko dira udaletxeko osoko bilkura aretoan omenalditxoa eta sorpresatxoa jasotzeko Oñatiko alkatearen eskutik.
Iazko lepokoa
Aurten iazko zapia berreskuratu du Udaleko Kultura Sailak. Hala, haur jaioberriei zapitxoa jarriko die alkateak hilaren 30ean egingo dieten harreran. Zapia gorria da eta, Herri Eguna oinarri, baserritar jantzita, ukitu minimalistarekin azaltzen da baserritar jantzita bikote bat.
Haur parke berritua
Aurten Etxaluzeko umeendako partea guztiz berrituta dator, bi guneko umeendako parkea egingo da-eta. San Migel egunean jarriko dute, hilaren 29an. Eta honako ordutegia izango du: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Esan bezala, gune batean, aurten ere etxeko txikienendako puzgarriak egongo dira. Baina bigarren gunean heldutxoagoendako ekintzak izango dira. Lehen aldiz 6D zinema-gunea jarriko dute, mugimendu eta sentsazio handikoa. Bideo-joko gisa, pantaila baten laguntzarekin, simulazio antzera, motorrak gidatzeko aukera ere egongo da. Eta, nola ez, ausartenendako tirolina jarriko dute Etxaluzen bertan.
Berrikuntzak gaztetxoendakoBURUHANDIAK ETA ERRALDOIAK Herriko gaztetxoenendako ez dira faltako buruhandi eta erraldoien konpartsen kalejirak. BARRAKAK Barrakak egunero egongo dira. MAGIA Eriz magoa etorriko da urriaren 7an; 17:00etan, txosnagunean magia ikuskizun harrigarria etxeko txikitxoenendako. PAILAZOAK Patxin eta Potxin pailazoek emanaldia irailaren 28an egingo dute herriko plazan, 18:00etan hasita; ondoren, txosnagunean, Txantxikuaren jaitsiera egingo da jaiei hasiera ofiziala emateko asmoz. HAUR PARKE BERRITUA Hilaren 29an berrikuntzaz beteta datorren haur parkea egongo da Etxaluzeko plazatxoan, urtero moduan. Honako ordutegiarekin: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, bitartean. Bi gune izango dira: bata puzgarriekin eta beste bat heldutxoagoentzako. Heldutxoagoendako, gunea da aurtengo nobedadea: 6D zinema-gunea, motorrak gidatzeko simulazio bideo-jokoak eta tirolina jarriko dituzte eta. |