Urteak joan eta urteak etorri Oñatiko jaietako egitarauan tinko mantendu den hitzordurik bada, San Migel egunaren bezperako danborrada da hori. 1966an egin zuten lehen aldiz, eta orduz geroztik, moldaketak moldaketa, diktadura garaiko pare bat urtetan bakarrik geratu dira oñatiarrak danbor hotsik entzun gabe.
Aurten ere 23:00ak jo orduko prest egongo dira Bidaurreta inguruan danbor-jotzaile ofizial eta dantzariak, kantinerak eta sukaldariak, hain ezagunak egin diren doinuekin herriko kaleak festa giroz janzteko.
Danborradaren antolakuntza lanetan ibiltzen den Argiloain Perosterenaren esanetan, 200 pertsona inguru irten izan dira urtero: gehienak orain arte egon diren lau danbor-jotzaile konpainietan, baina baita dantzari, karrozetako kide, elkarteetako banderadun eta bandako musikari moduan ere. Ohiko konpainietako kapitainei dagokienez, danbor-jotzaileen eta barril-jotzaileen kapitaina Anjel Egaña izango da; sukaldariena Iñaki Igartua; eta kantinerena Amaia Txintxurreta.
Adin guztietakoak, batera
Sarriegiren Diana eta Erretreta; Antonino Ibarrondoren De Udana a Zubillaga eta Despierta juventud; eta haren seme eta egungo Udal Musika Bandako zuzendari Inazio Ibarrondoren Larraingain piezak izango dira, besteak beste, danborradan entzungo direnak. Izan ere, txosna batzordearen konpainia berriaz gainera, danborradak aldaketa gutxi izaten ditu urtetik urtera. "Danborrada gauza tradizionala eta oraindik ere funtzionatzen duena da", dio Perosterenak, eta azpimarratu du, era berean, ez dagoela jaietan hain adin ezberdinetako ikusleak biltzen dituen ekitaldirik.
Txosna Batzordearen parte-hartzeari dagokionez, Perosterenak dio danborrada beti irekita dagoela, betiere betiko kutsua mantenduta.
Kepa Zelaia, Txosna batzordea: "Jaien hasiera modu parte- hartzaileagoan egin gura dugu"Aurtengo danborradaren berrikuntza nagusia da Txosna batzordeak eratu duen konpainia. Nolatan animatu zarete zuen konpainia ateratzera? Jaietako lehenengo egunean danborradak garrantzi handia du, eta ikusten genuen gazte asko ez zela egungo danborradarekin guztiz identifikatuta sentitzen. Pentsatu genuen txosna moduan agertuz gero, gazte gehiago animatuko zela. Eta animatu da jendea? 210 inguruk eman dugu izena danborra jotzeko. Karroza pare bat ere prestatu ditugu, eta bandaren partez, Oñatiko Trikitxaranga irtengo da gurekin. Azpeitiko eta Donostiako danborradetan ere jotzen duten abesti bat jotzen dute Trikitxarangakoek, eta hori ere joko dugu. Danborradaren orain arteko antolakuntzakoekin egin dugu berba, gauzak nola egin-eta pentsatzeko, eta heldu gara adostasunetara. Zein ekarpen egin gura diozue danborradari? Gazteen ordezkaritza izatea, eta jaien hasiera jai giro handiagoan eta modu parte-hartzaileagoan egin gura dugu. Beti errespetuz: badakigu danborrada urte hauetan guztietan mantendu bada, talde baten lanaren ondorio izan dela. |