Oñatiko Udalak eta Ulma Construccion, Packaging eta Pipingek hiru hilabetez luzatuko dute langileen garraio kolektibo zerbitzuaren finantziazioaz duten hitzarmena, LANBUS zerbitzuan jatorria duena. Luzatu duten finantziazio hitzarmenaren arabera, Udalak, Ulma Construccion, Packaging eta Piping-eko langileen lanerako autobus zerbitzuaren parte bat ordaintzen du, hirutik bat hain zuzen ere. Gainontzekoa, hiru kooperatiben eta erabiltzaileen kontura da.
Udalak gaur egun herri mailan dagoen garraio kolektibo zerbitzua bateratu egin nahi du eta horretarako jaiegunetan Arantzazura doan zerbitzua, Gureak taldeko langileena, eskola garraioa eta Lanbus zeritzona barneratuko lukeen sistema aztertzen ari da. Azterlanean auzoak eta herri gunea lotuko lituzkeen balizko hiri garraio zerbitzu publiko berria ere lantzen ari da.
Aurreikusten zen abuztua amaierarako azterlana prest egotea, eta hasiera baten duela hilabete batzuk adostutako hitzarmena ordura arte luzatu zuten. Lana, esan bezala, ez da bukatu eta zerbitzua bertan behera utzi gabe, hitzarmena beste hiru hilabetez luzatzea erabaki dute.