DJ, abeslari eta dantzari... dena batera

Arritxu Barruso 2012ko irailaren 21a

Txiki-txikitatik artista mundua bihotz-bihotzetik bizi izan duela kontatu digu Javier Idigoras oñatiarrak, eta, hortaz, sekula ez dio artista izateari utziko.

Duela bi urte erretiratu zen; erretiratuta Ulma enpresatik, baina ez taula gainetatik. Azken aldiz Arrasateko Zarugalde auzoko jaietan ikusi genuen musika ipintzen eta auzotarrekin dantza egiten; sekulako giroa ipini zuen.

Animatzailea nahiago 

DJ Javi Sound da haren izen artistikoa; izan ere, duela sei urtetik hona, festa, ezkontza eta agur-ospakizunetan musika ipintzen eta DJ lanetan ibiltzen da. 

Dena dela, ez du oso gustuko DJ hitza, hark dio animatzailea dela gehiago: "DJek musika ipintzen dute eta ikusleek entzun. Nire kasuan ez da horrela izaten. Oso aktiboa naiz eta musika ipintzeaz gain dantzan egiten dut, abestu egiten dut eta publikoarengana jaitsi eta jendearekin dantzan ere ibiltzen naiz. Ez naiz taula gainean geldi egotekoa. Michael Jacksonen moduan dantza egiten ikustea ez da batere arraroa. Gizon batek gau batean esan zidan egiten nuen guztia egiteko gutxi kobratzen nuela [Barre]". Bakarrizketa bat ere badauka prestatuta. 

Juan Magan eta 'Takata' 

Ez da oso ohikoa Idigorasen adineko DJak topatzea, baina gazteek adinako indarra edo handiagoa dauka oñatiarrak: "Lehen aldiz ikusten nautenean uste dute gau guztia pasodobleak dantzatzen pasatu beharko dutela, baina gero harritu egiten dira. Boladan dauden eta tabernetan entzuten diren abestiak ipintzen ditut". Kontatu digu uda honetan, esaterako, Takata abestia izan dela arrakastatsuena: "Oso ondo funtzionatzen duen abestia da. Jendeak oso ondo erantzuten du. Jennnifer Lopez, Juan Magan eta Bob Sinclair ere asko ipintzen ditut nire saioetan". 

Hamar orduko emanaldia 

Gazteek besteko indarra duela esaten dugunean ez da txantxetako kontua. Oñatiko San Lorentzo auzoko jaietan hamar orduko emanaldia eskaini zuen: "22:30ean hasi nintzen musika ipintzen eta 08:30ean bukatu. Sekulako giroa zegoen eta oso gustura egon nintzen. 04:00 inguruan gazteak batu ziren erromeriara eta dantza eta dantza ibili ziren".

Bizi osoa musikari lotuta

Azken sei urteetan DJ moduan badabil ere, gaztetatik musikaren munduan murgilduta ibili da oñatiarra: "20 urte nituenetik hona, bost musika taldetan parte hartu dut, beti bateria-jotzaile. Azkeneko taldean, Jose Mari Pelaezekin, abestu ere egiten nuen".

Artista izatetik bat ezin da inoiz erretiratu, eta Dj Javi Sound da horren adibide garbia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak