Adineko pertsonentzako 'catering' zerbitzua

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 19a

Adineko pertsonei, etxez etxe, eguneko menu garbi eta osasuntsua eskaintzea bilatzen du zerbitzuak. Gureak taldeko Sutondo enpresak eskaintzen du; jada martxan dago hainbat herritan; eta bihar, eguena, Oñatiko kultura etxean aurkeztuko dute, 18:00etan.

Sutondoren catering zerbitzuaren bitartez, nahi duen pertsona nagusi orok aste osorako janaria jasoko du etxean, astean behin –bazkari eta afari–; lehen plateraz, bigarrenaz eta postreaz osatutako menu garbi eta osasuntsuak izango dira. Bazkalorduko menuak 4 euroko kostua du eta afariak 3,60koa; bi jatorduak eskatuz gero, erabiltzaileak 7,10 euro ordainduko ditu.

Sutondotik aditzera eman dutenez, adineko pertsonei gauzak errazte aldera, janaria ontzietan banatzen dute, erabiltzaileek horiek modu ordenatuan hozkailuan sartu beste eginbeharrik izan ez dezaten. Lehen bisitetan, gainera, banatzaileak erabiltzaile bakoitzari janaria nola berotu behar duen azaltzen dio, baita zerbitzu horrek eskainiko dizkion onurak ere.

Zerbitzuaren gaineko zehastasunak Oñatin emango dituzte bihar, eguena, 18:00etan, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak