Autorik gabeko eguna izango da egubakoitza Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko irailaren 19a

Erdiko kaleak itxita egongo dira ibilgailuendako. Gosaria banatuko dute lanera bizikletan doazenen artean eta arratsaldean, bizikleta martxa egingo dute.

Autorik gabeko eguna izango da egubakoitza Oñatin, eta erdiguneko kaleak itxita egongo dira ibilgailuendako. Bizikletan eta oinez doazenek lehentasuna izango dute. Europa mailan bihar da autorik gabeko eguna, baina Oñatin bezperara aurreratu dute. Udalak eta Txirrinka elkarteak elkarrekin antolatu dituzte egubakoitzeko ospakizunak.

Etzi, beraz, erdiko kaleak itxita egongo dira ibilgailuendako. Hala nola: Unibertsitate etorbidea, Portu Kale, Euskadi Etorbidea, Lazarraga kalea eta Atzeko kalea. Motordun ibilgailuak ezin izango dira zirkuito horretan ibili. Ondorioz, Bidaurretako errotonda parean, Arantzazuko Ama kalean, Zubibarri, Errekalden edota Kurtzebiden itxita egongo dira aipatutako kale horietara sartzeko bideak.

Gosaria eta bizikleta martxa
Bestalde, gosaria banatuko dute lanera bizikletan edo oinez doazenen artean. Txaketuaneko kantoian egongo dira gosariak banatzen egubakoitz goizean, 07:00tatik 09:00tara.

Horrez gain, bizikleta martxa ere antolatu dute. Arratsaldean izango da hori, 18:00etan. Herriko plazatik abiatuko da eta ibilbailuendako itxita dagoen zirkuituan barrena egingo dute aipatutako bizikleta martxa. Autorik gabeko egunerako antolatu dute bizikleta martxa hori, baina asmoa da antzeko ekimenak errepikatzea maiztasun jakin batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak