Def Con Dos eta Kaimanleon Oñatiko Gaztelekuan

Jagoba Domingo 2012ko irailaren 17a

Def Con Dos talde madrildarra ikusteko gogoa zegoela nabaria zen giroan, eta 350 bat lagun hurbildu ziren Cesar Strawberry eta bere mutilekin gau bero bat pasatzera.

XX. urteurrena ospatzeko biran, sasoi betean daudela erakutsi zuten lehenengo kantutik. Kontzertuaren martxa, ezin-hobea izan zen, kantu klasikoak eskaini zituzten, eta bata eta bestearen artean, ez zen egon lasaitzeko momenturik. Rock eta rap kontutan erregeak direla argi utzi zuten atzo DCD taldeak, Public Enemy-koak harro egongo dira.

Gogor ekin zioten emanaldiari, ¿Que dice la gente? edo Accion mutante kantuekin, eta ikusleria berotzen hasi zen. Bateria-jole Kiki Tornadok eta baxu-jole den, J.Al Andalus-ek, lan itzela egin zuten kontzertuan zehar. Momentu askotan, erritmo-baseak metraileta bat zirudien.

Hiru musikariak, kantuen baseak egin bitartean, Strawberry, Peon Kurtz eta Marco Masacre  abeslariek, iraultzarako kontsignak bata bestearen atzetik bozgorailuetatik jaurtitzen zituzten, beste garai bateko gerrileroak baitlira bezala. Estudioko diska gehienen errepasoa egin zuten, baina batez ere, 'Armas pal pueblo', 'Ultranemia' edo 'Dogmatofobia' albumetako kantak jo zituzten. Ikuskizun izerditsua izan zen atzoko kontzertua.

Gaztelekura gerturatako publikoa, madrilgo raperoen hurrengo kontzertuaren zain geratu zen, hogei urte hauetan, denborak jakintsuago egin dituelako eta oholtza gainean publikoarekin lotura estua eratzen dutelako.
Talde honi eskatzen diogun gauza bakarra, hogeiurte barru oraindik indar eta militantzia sozial berdinarekin jarraitzea da. Bizitza luzea Def Con Dos-i.

Kaimanleon piztia estreinakoz

Gaua gogotsu hasi zuten Kaimanleon talde berriko kideek. Musika munduan ibilbide luzea dute partaideek, eta lehenengo kontzertua izateko, euren arteko konplizitatea nabaria zen.

Stoner musika eta erritmo astun eta ilunak jorratzen ditu laukoteak, hala ere, oholtza gainean geldi ezinik egon ziren kontzertu osoan zehar. Etxean zeudela aprobetxatuz, kontzertu bizia eskaini zuten Kaimanleoneko mutilek.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak