Omenaldi jendetsua egin diote Lucio Muñozi Arantzazun

Txomin Madina Milikua 2012ko irailaren 15a

Besteak beste, izen handiko artista Antonio Lopez eta Julio Hernandez Lopezek euren lagun zen Muñozen inguruko oroitzapenak elkarbanatu dituzte Gandiaga Topagunean batu den jendetzarekin, eta artistaren seme Rodrigo Muñozek ere hartu du parte bertan.

50 urte beteko ditu aurten Arantzazuko basilikako abside bereziak, eta hori aitzakia hartuta absidearen margolari izan zen Lucio Muñoz (1929-1998) artista madridldarra omendu gura izan dute Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak.

Omenaldi jardunaldia goizean goiz hasi da mahai-inguru jendetsuarekin. Ez zen gutxiagorako, bertan parte hartu dute-eta Lucio Mulñozen seme Rodrigok, Antonio Lopez margolari ospetsuak eta baita Julio Lopez Hernandez eskulturgileak ere. Azken biek oso gertutik ezagutu zuten Muñoz, eta denen artean Lucio Muñozen bizitza, izaera artistikoa eta Arantazuko absidea egin zueneko garaiak  errepasatu dute, tarteka hunkigarria, tarteka dibertigarria izan den solasaldian.

Hitzaldiaren ostean, Miguel Angel Alonso arkitektoaren eskutik, absidearen nondik norakoak eta xehetasunak bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte omenaldian parte hartu dutenek.

"Arantzazuko absidea oso garrantzitsua izan zen nire aitarentzako, egiten zuen lehena zen eta"

Lucio Muñoz artistaren seme Rodrigoren esanetan, emozio handiarekin bizi izan dute familian aitak jasotako omenaldia: "NIre aitaren ibilbidean sinbolismo handia izan zuen Arantzazuk, asko maite zuen, nolabait ere bere ibilbidearen gailur bat izan zen".

Semearen esanetan, aitaren ibilbidean zerbait oso berezia suposatu zuen Arantzazuko muralak. " Egiten zuen lehena izan zen, eta berau egiteko lehiaketa irabazi zuenean, dimentsio itzelak zituen proiektu bati egin behar izan zion aurre, garrantzia handiko proiektu bati; Gipuzkoan eta Euskal Herrian sinbolo bati". Bere ustetan gainera, asmatu zuen: "Lan honen bertute handiena da lan erlijiosoa dela, baina era berean benetako Lucio Muñoz bat dela".

Absideak bere garaian zuen indarra mantentzen duen galdetuta, baiezkoa dio Rodrigo Muñozek. "NIre aita benetan arduratzen zuen kontua da hori, baina zorionez, murala ikusten zuen bakoitzean ondo zahartu zela uste zuen, bere indarra mantentzen zuela, edo handitu. Nire ustez hori da ez diolako moda zehatz bati jarraitzen. Oso barrutik doan zerbaiti erantzuten dio, inguruan dagoen naturaren ikuspegi nahiko zintzoa eskaintzen du eta horrek intenporala egiten du" dio Rodrigok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak