"Jendeak denborarekin ikusi du guk esaten genituen gauza askotan arrazoia geneukala. Oraindik ere oihartzuna daukagu eta Mexikon, Argentinan eta Europan eskaintzen ditugu zuzenekoak. Gure jarraitzaileak baditugu eta jendeak baloratzen du talde zintzoa garela; egiten duguna gustatu egiten zaigula da gakoa!", azaldu digu Cesar Strawberryk.
Saio didaktikoa
Cesar Montañak lau liburu ditu idatzita; tartean, Def Con Dosen biografia. Zapatuan 19:30ean gaztelekuan eskainiko duen saio didaktikoan, taldearen esperientzia eta bere bizitza, elkar lotuta, izango ditu mintzagai. Aspaldian, baina, musikarekin batera, beste ihesbide bat ere baduela azaldu digu: idaztea. "Literatura asko gustatzen zaidan arloa da; zure unibertsoa eraikitzen duzu eta ni oso gustura sentitzen naiz. Orain beste eleberri bati helduko diot; nire lanek harrera ona izan dutenez oso gustura nago", dio.
Kaimanleon oñatiarren disko aurkezpena
Kaimanleon talde oñatiarrak grabatu berri duen diskoa aurkeztuko du. Stoner eta metal ukituak nagusi. Sorpresarik ez dela faltako esan digute, eta ikuslea hotz ez dela geratuko zuzenekoan.
"Gure iritziz, rock-and-rolla iparraldean bakarrik zegoen"
Cesar Strawberry da Def Con Dos taldearen arimetako bat. Disko berria prestatzen harrapatu dugu Madrilen. Zapatuan Oñatiko gaztelekuan emango duen zuzenekoan aurrerapentxoren bat izango ote da?
Alex de la Iglesiaren Acción mutante zer da zuendako?
Sekulako bultzada. Gure aldeko apustua egin zuten eta aurrera egiten lagundu ziguten.
Raparen ikono zarete?
Historiako etapa oso garrantzitsuak bizi izan ditugu eta horren parte izan gara. Aurrekoan, Negu eta Fermin zertan ote dauden burura etorri zitzaidan… gu oraindik ere hor gabiltza! Ikaragarrizko zortea izan dugu, eta sekulako taldeak ezagutu.
Euskal Herriari asko zor diozue.
Asko! Alex de la Iglesia izan zen gu deskubritu gintuena. Gure lehen maketaren jarraitzaileak ziren, pentsa. Eta nola ez Neguri eta Fermini. Inori ez zitzaion Def Con Dos axola eta Ferminek bidea egiten lagundu zigun Euskal Herrian. Gure iritziz, rock-and-rolla iparraldean zegoen.
Nola gogoratzen duzu hasiera?
Ez ginen ezta amateur ere, txapuzer ginen. Siniestroko Julian Hernandez izan zen benetan bultzada eman ziguna; ideia eta proiektuekin aurrera egiten lagundu zigun. Aurpegi handiarekin eta tabernetan pegatinekin promozio txapuzeroak eginez, jendea ezagutzen hasi ginen.
Letra odoltsuekin arazoren bat?
Ba, ez, nahiz eta deabruaren hatsa lepatzean sentitu dugun. Umorearen eta mezuaren arteko oreka da sekretua; SA taldeari egin dioten jarraipen injustua eta inkisidorea, esaterako, guri ez digute egin.
Noizko disko berria?
Azaroan grabatu behar dugu, eta otsailean kaleratu. Oso disko basatia eta freskoa egiten ari gara. Eskola zaharrekoa, kañeroa! Ez gara isilduko. Oso pozik gaude.
Arrasaten 90eko hamarkadan izan zineten; ze oroitzapen?
Su Ta Garrekin euskal festa askotan ibili ginen. Garai oso punka eta borrokalaria zen; oso harro gaude garai hura bizi izateaz. Orain dena arau inozoz beteta dago; sortzaileei ere sekulako jarraipena egiten zaie eta ez dute arnasarik hartzen ere uzten, musika ito arte dabiltza.