Azken urteetan, 1950eko eta 1960ko hamarkada haietan Arantzazuko Basilika berriaren dekorazioan parte hartu zuten artistei merezitako esker ona erakusteko antolatutako beste jardunaldien jarraipena dugu honakoa ere: Jorge Oteizak frontisa jantzi zuen bere Pietate eta Apostolu ezagunekin; Eduardo Chillidak sarrerako ateak egiteko ardura izan zuen; Nestor Basterretxeak kriptako muralak gauzatzekoa, Xavier Alvarez de Eulateri zor zaizkio beirateak eta Xabier Egañari kamarineko pinturak. Eta aurtengo omenaldiko protagonistak, Lucio Muñoz margolari handiak, Arantzazuko Ama Birjina inguratzen duen 600 metro koadroko pareta dekoratzeko murala sortzeko erantzukizuna izan zuen, 1962an.
Egitaraua
10:30 Gandiaga Topagunean, mahai-inguruan hartuko dute parte Antonio Lopez eta Julio Lopez Hernandez artistek eta Rodrigo Muñozek Lucio Muñozen alderdi pertsonalari eta profesionalari buruz jarduteko. (Lopez zein Lopez Hernandez Muñozen ikaskideak izan ziren San Fernandoko Arte Ederretako Akademian, eta laguntasun sendoak lotu zituen hirurak. Lopez Hernandezek, Joaquin Ramosekin batera, Arantzazuko esperientzia bizi izan zuen Muñozekin. Adierazitakoaren arabera, "aparteko laguntzaileak" izan ziren, eta beren babesik gabe askoz ere nekezagoa izango zen lana gauzatzea).
12:30 Basilikan, Miguel Angel Alonso arkitektoak absidearen irakurketa egingo du, eta Esteban Elizondo organo-jotzaileak kontzertu laburra eskainiko.
Jardunaldi horietaz gain egun horretarako pintura azkarreko lehiaketa antolatu dute, eta Arantzazu aldizkariak margolariari eskainitako ale monografikoa editatu du.
Pintura lehiaketa
Muñozi omenaldia egiteko antolatutako ekintza-programari lotutako pintura-lehiaketan nahi duten guztiek hartu ahal izango dute parte, hiru kategoria baitaude: helduena (16 urtetik gorakoak), gazteena (12 eta 16 urte bitartekoak) eta umeena (11 urte artekoak). Lehiakideek Arantzazuko Santutegiko edozein zoko, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute, eta teknika librea baliatuz sortutako lan bakarra aurkeztu.
Zigilatzea eta izen-ematea Arantzazuko Gandiaga Topagunean egingo dira 10:00etatik 12:00etara, eta obrak 17:00ak baino lehen entregatu beharko dira, sinadurarik gabe. Epaimahaia goizeko mahai-inguruan parte hartuko duten Antonio Lopezek, Julio Lopez Hernandezek eta Rodrigo Muñozek osatuko dute. Haiek erabakiko dute nortzuk izango diren irabazleak: helduen kategoriako lehen saridunak 1.500€ eta diploma lortuko ditu, bigarrenak 750€ eta diploma eta hirugarrenak 400€ eta diploma. Gazteen eta haurren kategorietako irabazleek pintura-material sorta bana eskuratuko dute.
Izen-ematea
Oroitzapen-jardunaldira joateako aurrez izena eman behar da 943 25 10 09 telefonora deituz edota adiskideak@arantzazu.org zein arantzazugaur@arantzazu.org helbide elektronikoetara idatziz.