Joseba Egibar Oñatin: "Ekonomia eta gizartea dira zutabeak"

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko irailaren 13a

Oñatin izan zen atzo, Gipuzkoatik Barrena ekitaldiaren barruan. Herria ikusi eta hitzaldia egin zuen gero Batzokian.

Oñatin izan zen atzo Joseba Egibar jeltzalea, Gipuzkoatik Barrena ekitaldiaren barruan. Herria ikusi ostean, hitzaldia egin zuen Batzokian. Lourdes Idoiaga, Oñatiko EAJko zerrendaburua, Mikel Iturrospe Uri Buru Batzarreko presidentea, Ainhoa Galdos eta Aitor Urrutia legebiltzarreko zerrendakideak Gipuzkoatik, Arrasateko EAJko zinegotzi Juan Carlos Garitano eta Ibon Arrupe, Bergarako zinegotzi Aintzane Oiarbide eta Antzuolako zinegotzi Mª Eugenia Arrizabalaga egon ziren, besteak beste, hitzaldian, Oñatiko EAJko alkate ohi, egungo eta lehengo zinegotzi eta hainbat herritarrekin batera.

Bi puntu nabarmendu gura izan zituen Egibarrek hitzaldiaren hasieran: "bata, ETArik gabeko lehen euskal hauteskundeak direla eta indar politiko guztiek tokia izango dutela, babesaren arabera. Bestea, bizi dugun egoera ekonomikoa da. Larria da, baina ezin gara ibili besteen egoerekin konparatzen".

Ekonomia eta gizartea

Hain zuzen, datorren hauteskunde kanpainan ekonomiari buruz asko entzungo dugula adierazi zuen Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak. "Politikoki, inguruko ekonomiak nola dauden ikusita, geure proiektu politikoari ekarpen ekonomikoa egiteko unea. Etorkizuneko bide hori bi zutabetan eraiki behar da: bata politikan, eta bestea ekonomia eta gizartean", gaineratu zuen.

Oñati bisitatzen

Hitzaldiaren aurretik, Oñati bisitatu zuen Lourdes Idoiaga eta Mikel Iturrospe lagun zituela, besteak beste. Hasi kale zaharretik eta San Lorentzoraino joan ziren eta pintxo-potea egin zuten han. "Oñati aurretik ere ezagutzen nuen. Duela 15 bat egun ere pasa nintzen bizikletan lagunekin, Arantzazura bidean. Krisi ekonomikoari lotuta, ezin da Gipuzkoa osora zabaldu Oñatiren egoera. Nahiz eta langabeziak gora egin duen, probintzian badira zona ukituagoak", esan zuen Oñatiri buruz galdetuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak