Udanatik Atagoitira bitartean, Limousin taldeko lau txirrindularik eraso egin eta bakarrik egin zituzten lasterketaren azken kilometroak –Udana-Oñati-Zubillaga-Oñati–. Lehenengo erasoalditik tolosarrek erritmo bizia ezarri zuten eta azken ihesaldia egin zuten lau ziklistetatik Xabier San Sebastian atzean geratu eta Jon Madariaga, Jon Irisarri eta Mikel Matxinea izan ziren Mikel Deuna sariko azkarrenak. Helmugan hirurak batera sartu ziren eta lasterketak zituen 87 kilometroak egiteko 02:16:18 behar izan zituzten. Lasterketako laugarren sailkatua, Xabier San Sebastiek 20 segundu gehiago behar izan zituen lasterketa bukatzeko.
Tolosarren erasoaldiaren ostean, helmuga baino kilometro batzuk lehenenago harrapatu zuen tropelak hasierako ihesaldian sartutako 15 txirrindulariak. Lasterketa bukaeran, nahiz eta ziklistak tropelean ez helmugaratu, segundo gutxiren aldearekin sartu ziren Oñatiko plazan. Lasterketako bosgarren postua Oskar Malasetxebarriarentzat (02:17:19) izan zen.
Gure ordezkariak, makal
Zapatuko lasterketan Debagoieneko hiru taldek parte hartu zuten: Aloña Mendik, Lokatzak eta Dorletako Amak. Nahiz eta lasterketa etxe ondoan izan eta bidea ondo ezagutu, Tolosako taldeko txirrindulariek lasterketa irabazteko erabilitako estrategiak lo harrapatu zien eta gure ziklistek ez zuten lasterketa irabazteko inolako aukerarik izan. Zapatuko frogan, ibarreko txirrindularirik azkarrena 15. postuan geratu zen Lokatza taldeko Beñat Etxabe (02:17:50) bergararra izan zen.
Hurrengo lasterketa, Beasainen
Debagoieneko gazte mailako txirrindulariek lasterketa polita jokatuko dute hurrengo astebukaeran Beasainen. Izan ere, Premundial izenarekin ezagutzen den lasterketan arituko baitira. Bertan, Espainia osoko 15 talderik onenek parte hartuko dute eta baita, Iparraldeko eta Akitaniako taldeak ere. Lasterketa horretan parte hartzeko gonbidapena dute Gipuzkoako talde guztiek.
Goi mailako txirrindularitza froga izango dute gure ziklistek eta Lokatzako Iker Sanchezen esanetan "erronka polita izango da, Espainiako txirrindularirik onenen aurka aritzea eta lasterketa on bat egitea". Beasaineko frogan 35 talde eta 200 txirrindulari baino gehiago izango dira, eta, bertan, mundialean izango diren txirrindulari askok parte hartuko dute.