Magia sortu zuten Ganbarak eta Elberdinek Arantzazun, gaurko egun handiaren bezperan

Julen Iriondo 2012ko irailaren 9a

Oñatiko Ganbara abesbatzak eta Josu Elberdin konpositore eta musikari pasaitarrak kontzertua egin zuten atzo Arantzazuko santutegian. Joan Paulo II.a aita santuaren omenez Elberdinek berak egindako meza estreinatu zuten emanaldian, bildutako jendearen gozagarri.

 

"Zorionak" batari eta "zorionak" besteei. "Zorionak" Josu Elberdin organo-jole pasaitarrari eta "zorionak" Oñatiko Ganbara abesbatzako kideei. Arantzazuko santutegian zapatu eguerdian elkarrekin egindako kontzertuak publikoa asebete zuela ezagun zen jendearen amaierako komentarioetan, bai eta haien aurpegiak begiratu soilean ere. Eta aurretik, aurretik saioan zehar, nolako arretaz jarraitu zuten ikusita, eta pieza bakoitza eskertzeko emandako txaloak aintzat hartuta. Eta azkena, Arantzazuko, amaitzearekin, are txalo gehiago, noski. Egun handiaren bezperan giro magikoa sortu zuten Elberdinen atzamarretatik sortutako doinuek eta Ganbarakoen ahotsek.

Emanaldiak bi zati izan zituen: aurrenekoan Mendelssohnen Hear My Prayer Bustoren Ave Maria Jenkinsen Ave Verum eta Faureren Cantique de Jean Racine interpretatu zituzten; bigarrenean, ostera, Elberdinen beraren zenbait obra, lehenagokoak gehienak, baina bat berria ere bai.

Estreinaldia

Izan ere, Arantzazuko saioan estreinatu zuen musikari eta konpositore pasaitarrak Missa Ioannes Paulus II meza, Joan Paulo II.a aita santuari eskainitako obra "koloretsua, argitsua eta alaia", autorearen beraren hitzetan.

Eta Ganbara abesbatzakoek izan zuten estreinaldiari ahotsa jartzeko ardura: "Guretzako proiektu berria zen hau, meza baten estreinaldia, eta horrek ardura sentiarazten du eta, gainera, konposatzailea bera gure artean bada jotzen, ba are gehiago". Horrelako obra bat herrian, "Arantzazu moduko leku polit batean", estreinatzea "ohore handia eta oso esperientzia polita" izan zela zioen Aitor Biain zuzendariak.

"Oso pozik" geratu zen Biain kontzertuarekin: "Aurretik ere Josu Elberdinen pieza batzuk abestuta genituen eta, hortaz, bere musika estiloa ezaguna zen taldearendako. Gustuko musika da, eta ez da lan zaila izan". Estreinatutako mezari buruz "oso obra polita" dela zioen Biainek, eta hori "ohikoagoak" ziren beste piezei batuta "oso programa polita eta konpletoa" geratu zela. Lehenago ere behin baino gehiagotan lankidetzan jardundakoak, "oso gustura nago Aitor Biain egiten ari den lanarekin" zioen amaieran konposatzaile pasaitarrak, eta hitz politak baino ez zituen zuzendari oñatiarrak ere Elberdinentzat: "Josuk gauza on bat badu, hori da abesbatza munduan asko dabilela; orduan, abesbatza, instrumentu moduan, ondo ezagutzen du eta oso ondo idazten du horretarako, eta horrek aukera ematen digu musika kalitatezkoa egiteko". Aurrera begira kolaborazio gehiago egingo dituzten ziurtasuna agertu zuen Biainek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak