2.238 metro gehiago

Mireia Bikuña 2012ko irailaren 8a

Lan mardula eta sakona egin ondoren, Aloña Mendi Espeleologia Taldekoek (AMET) hiru kilometroko kobazulo baten esplorazio lanak bukatu berri dituzte.  Arantzazu Erreka I da koba horren izena eta 3.038 metro ditu. Gesaltza-Arrikrutz kobaren ondoren, Oñatiko bigarren kobarik luzeena da.

Guztira 15 saio egin dituzte kobazuloan, horietako batzuk 15 ordukoak izan dira, eta emaitza begi-bistakoa da: hiru kilometro baino gehiagoko koba esploratu eta ikertu dute; lehenengo ikerketan zuena baino 2.238 metro gehiago.

Lehen ikerketa 1969an

Eta zergatik diogu lehenengo ikerketa? Bada, Arantzazu Erreka I kobako lehen esplorazioa 1969. urtean egin zuten, AMETeko kide zirenak. Ordu hartan egindako esplorazio eta topografiaren dokumentuak artxiboan gordeta zituzten. 800 metroraino ikertu zuten kobazuloa.

Baina, beste kobazulo batzuekin egindako moduan, zerbait berria aurkitzeko esperantzarekin, berriro kobazuloan sartzea erabaki zuten espeleologoek. 

Kobazuloa zabala eta ibiltzeko nahiko erosoa da. "Galeria batzuk ezegonkorrak dira, baina oro har lasai, arrisku barik ibil daiteke koban", dio Ugartek.

Sartu eta berehala konturatu ziren uste baino luzera handiagoa zuela kobak. Pasagune estuak igaro, eta goiko aldean elkarren artean komunikatuta dagoen galeria sare bat topatu zuten, 20-30 bat metroko saltoekin. Beheko aldean eskalada saio batzuk egin zituzten. "Galeriaren gainetik leiho batzuk daude. Horietako batetik sartuta gela luze batera heldu ginen. Beste leiho batetik, faila handi batera heldu ginen, eta han kobazuloko gela handienarekin egin nuen topo. 54x30 metroko gela, hain justu ere", esan digu Ugartek. 

 Eta non dago kobazuloaren sarrera? "Arantzazun, Urbiako bidea hartu eta azkeneko aparkalekuan, Iturrigorrirako bidea hartuta dago. Erreka bazterrean dago sarrera. Akaso erreka handituta doanean, ura sartuko da kobazulora", dio. 

Nondik dator ura? 

AMETek egindako topografia eta neurketen arabera Arantzazu Erreka I kobazuloak 3.038 metroko luzera dauka eta 110 metroko desnibela. Bestalde, esplorazioek uraren zirkulazioa ezagutzeko balio izan dute. "Akuiferoak behetik gora betetzen dira eta gainezka egiten dutenean, ura errekara heltzen da. Kobazulo honetan ez da hori pasatzen. Arantzazu erreka urarekin doanean ere kobazuloa lehor egoten da. Kobazulo barruan gaudenean, ura entzun egiten dugu. Galeriaren goiko aldean doa. Gu ere harrituta gaude ikusi dugunarekin", dio Ugartek. 

Bestalde, kobazuloaren lekurik sakonenean errekasto bat topatu dute. Oraindik ez dakite horko ura Iturrigorritik edo Erroitegitik datorren. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak