Atzo goizean sartu ziren Oñatiko Gazte Asanblada berriko hainbat kide Antixena parkearen ondoan dagoen eta bere garaian Mondragon Unibertsitateren Ostalaritza Eskolaren kokaleku izandako eraikinean.
Gazteek jakinarazi dutenez, eraikina udalarena da, baina Mondragon Unibertsitateari lagapena egin zion; gaineratu dute, badirela bi urte hutsik dagoela eta bertarako proiekturik ez dela aurreikusten. Eta Oñatiko Gazte Asanbladakoek gaztetxe baten erabilera eman nahi diote eraikinari.
Udalak eta MUk ez dute iritzirik eman nahi izan
Oñatiko Udalarekin eta MUrekin harremanetan jarri gara euren iritzia zein den jakin nahian, baina ez batak ez besteak ez dute nahi izan, momentuz behintzat, gaiaren gaineko azalpenik ematea.
Oñatiko Udaletik jakinarazi digute eguenero egiten duten bezala, gaur ere Bilduko taldeko bilera izango dutela eta gai zerrendan dagoen gai bat dela hau. Hala ere, Mikel Biain alkatea eta Josu Lizarralde zinegotzia atzo Antixenara gerturatu ziren gertatzen ari zena gertutik ikusteko eta gazteekin hitz egiteko. Oraingoz, esan moduan, ez Udalak ezta MUk ere ez dute nahi izan aldeko ez kontrako jarrerarik erakustea.
Asanblada eta bilerak
Bestalde, gazteek azaldu dute baita ere orain gazteen esku dagoela eraikinari jarraipena eta bizitza ematea eta gonbidapena luzatu dute egiten diren ekintza, mobilizazio zein asanbledetara joateko.
Biharko, egubakoitza, deitu dute lehenengo asanblada irekia, 17:00ean izango da hori Antixenan bertan, eta ondoren, 19:00ean kultura etxean auzotarrekin bilera deitu dute batez ere euren asmoen berri eman eta auzotarren kezkak argitzeko.