Alberto Plazolari elkartasuna adierazteko martxa antolatu du Herrira elkarteak irailaren 15erako. Udal ordezkaritza bat ere joango da. Curtiseko (Galizia) espetxe zuzendariari hitzordua eskatu diote egun horretan hartuak izan daitezen eta maiatzean Oñatiko Udalak aho batez hartutako mozioaren berri zuzenean emateko. Bilduko udal ordezkariek, Alberto Plazolaren senideek eta hainbat herritarrek eman zuten atzo horren berri herriko plazan, eta herritarrak animatu zituzten martxan parte hartzeko. Zapatuan ere joango dira hainbat lagun Galiziara, alkatea tartean. Zinegotziek, Plazaola bisitatzen segitzeko eta eskutitzak idazteko konpromisoa hartu dute.
22 urte kartzelan
Alberto Plazaola Anduaga 1990eko azaroan atxilotu zuten Frantzian. 1996an estraditatu zuten eta harrez gero hamaika espetxetan egon da. Egun Galizian dago, etxetik 650 kilometrotara. Legearen arabera 2016an aske egon beharko luke, baina maiatzean Parot doktrina aplikatu zioten eta 2026ra arte luzatu diote espetxealdia.