Oñatiko Gazte Asanbladak Mondragon Unibertsitateko Ostalaritza Eskola egon zen Antixenako eraikina okupatu du

Txomin Madina Milikua 2012ko ira. 5a, 16:32

Gaur goizean sartu dira Oñatiko Gazte Asanblada berriko hainbat kide Antixena parkearen ondoan dagoen eta bere garaian Mondragon Unibertsitateren Ostalaritza Eskolaren kokaleku izandako eraikinean. Azaldu dutenez, badira pare bat urte eraikina hutsik dagoela, eta Asanbladaren beharrei erantzuteko gune aproposa dela irizten diote. Egubakoitzerako asanblada irekia deitu dute.

"Eraikina berez Udalarena da, eta honek lagapena egin zion Mondragon Unibertsitateari. Baina badira bi urte eraikina ez dela ezertarako erabiltzen. Udalak MUri eraikina itzultzeko eskatu dio. Horregatik, eraikinean sartzea erabaki dugu" azaldu digu Oñatiko Antixena parkean dagoen eraikina okupatu duen Gazte Asanbladako kide batek.

Goizean sartu dira bertan Asanbladako hainbat kide, eta kanpinak jarri dituzte, baita hainbat pankarta ere. Eraikina gaztetxea egiteko erabili gura dute Asanbladakoek, euren esanetan, kulturalki zein sozialki izan ditzakeen erabilpenetarako. "Asanbladaren etapa berri bati hasiera eman gura diogu, eta horretarako jende berria erakarri gura dugu" gaineratu dute. Azaldu dute era berean Udalarekin eta MUrekin, biekin jarri direla harremanetan.

Gaur arratsaldean prentsaurrekoa emango dute eraikinean bertan Asanbladakoek eta egubakoitzerako, irailaren 7rako aldiz, asanblada irekia deitu dute. 17:00etan hasiko da asanblada irekia Antixenan bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak