Ohiko etxafuego jaurtiketarekin eta zinta lasterketarekin hasiko dituzte egubakoitzean Atzeko kaleko jaiak, 16:00etan. Haur jolasak, erraldoi eta txorimaloen kalejira eta poteoa egingo dute arratsalde iluntze aldera. Gauean, berriz, Los Delgás, Materia Gris eta Sorotan Bele taldeen rock kontzertua egongo da, 22:30ean.
Zapatuan, salda emango dute Naparreneko kantoian, 13:00tan, eta ondoren bazkaria egingo du jai batzordeak. Arratsaldean, sokamuturra eta garagardo dastatzea egingo dituzte, besteak beste, eta gauean, berriz, piroteknia saioa, suzko zezena, Mariachi Tecalitlan taldearen emanaldia eta nagusiendako zinta lasterketa.
Domeka arratsaldean mus txapelketa eta txirrindulari lasterketa egingo dute eta jaiak 20:00tan hasiko den Alazne, Garazi eta Anderren emanaldiarekin bukatuko dira. Dantzaldiaren ostean egingo dute saskiaren zozketa, 22:00tan.
Arantzazu auzoan ere bai
Bestalde, Arantzazu auzoan ere jaiak izango dituzte asteburuan. Egubakoitz iluntzean tortilla lehiaketa eta mus txapelketa egingo dituzte auzo etxean. Zapatuan, auzo poteoa eta bazkaria egingo dituzte. Bertsolariak eta erromeria ere ez dira faltako. Eta domekan, meza, herri kirolak, salda, txorizoa eta haur jolasak.