Ikusleok haizea apenas sumatzen bagenuen, artistentzako, berriz, traba; hori horrela, aurrez prestatutako tresna arinak albo batera utzi behar izan zuten ikuskizuna hastear zegoela gidoia aldatzera behartuz. Ez da hori baina Choncquing zirko taldeak egin beharreko aldaketa bakarra, Txinatik abiatu aurretik taldekideen zerrenda ere moldatu behar izan zuten hango gobernuak aginduta; beste urte batzuetan gurera bataz-beste hamabi urteko artistak etortzen badira, oraingoan, hamasei urtetik gorakoak izatera behartuz.
Aldaketak aldaketa, saioa amaituta, antolatzaileak, artistak eta ikusleak pozik eta gustura aurtengo erakustaldiarekin ere; horren erakusle, saioan zeharreko txalo zaparrada edo ikuskizuna bukatu bezain pronto, ikusten zeuden neska gazte koadrila batek artistekin argazkia ateratzeko erakutsitako irrika.