Durun ospakizunak izango dituzte asteburuan

Irati Goitia 2012ko uztailaren 27a

Nobedadeekin dator aurten Duruko eguna gainera. Hobe esanda egunak. Izan ere, horixe da berrikuntza: egun bateko ospakizuna egin beharrean asteburu osokoa egingo dute. Besteak beste: mountain bike lasterketa, futbol txapelketa, diapositiba emanaldia, meza, herri kirolak eta bazkaria.

Zapatuan ekingo diote festari mountain bike lasterketarekin, futbol partiduarekin eta txorimaloekin. Gauean, berriz, diapositiba eta bideo emanaldia izango dute, 11:00etan. "Urtero egiten dugu diapositiba emanaldia. Duruko argazkiak izaten dira. Aurten, baina, Gomiztegiko 50 urteko historia azaltzen duen bideo bat ere emango dugu. Oso bideo polita da", adierazi digu antolatzaile lanetan ibili den Bittor Alberik.

200 lagun bazkarirako

Domekan, meza izango dute Aierdiko aterpean hildako auzotarren alde, eta ondoren, salda beroa eta pintxoak. 12:00etan Unaimendi gainean, herri kirolak egingo dituzte bertaratzen direnekin. Aierbek zehaztu digu: "Beste urte batzuetan ardi txakur erakustaldia egin izan dugu. Aurten, herri kirolak egingo ditugu auzoko jendearekin: soka-tiran, txingak, kaskara batzea eta aizkoran". Auzoko artzainen gazta dastatzea ere izango da.

Ostean, txabolaz txabola kalejira egingo dute trikitilari eta bertsolarien. Bazkaria ere izango dute, 200 lagun elkartuko dira. "Behin tripa bete ostean, bertsolariek bertso batzuk kantatuko dituzte eta gero erromeria. Aurten, gainera, zubia tokatzen da eta ez dugu erretiratzeko presarik izango. Hurrengo egunean, baina dena jaso behar da".

Egitaraua

Zapatua

  • 17:00etan mountain bike lasterketa.
  • 18:00etan futbol partiduak.
  • 19:30ean txorimaloak.
  • 23:00etan diapositiba eta bideo emanaldia

Domeka

  • 11:00etan Aierdiko aterpean meza. Ondoren, salda eta pintxoak.
  • 12:00etan herri kirolak Unaimendi gainean.
  • 13:00etan kalejira.
  • 15:00etan bazkaria. Ostean, erromeria.

Lizargarete eguna

Abuztuan ere izango da parrandarako beta. Hainbat auzotan ospatuko dituzte jaiak: Lezezarrin, San Lorentzon eta Urrexolan. Bestalde, abuztuaren 26an, Lizargarate eguna egingo dute.  Bazkarirako izena ematea: Urbia eta Umerez tabernetan, eta Lizargaraten. Herri kirolak ere egingo dituzte. Parte-hartzeko izena eman behar da aurretiaz toki berdinetan. Trikiti doinurik ere ez da faltako. Bazkal ostean, Imanol eta Narbaizarekin erromeria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak