Irailean jarriko dute martxan e-Rezeta Oñatin

Maialen Regueiro 2012ko uztailaren 24a

e-Rezeta honek, gaur egungo paperezkoa ordezkatuko du. Proiektu hau 2013 hasieran hedatuko da Euskadiko gainontzeko herrietara. Sistema honen helburuetako bat, herritarrei segurtasuna bermatzea litzateke.

Irailetik aurrera e-Rezeta sistema martxan jarriko da Oñatiko farmazietan. Uztailaren 2an hasi ziren Euskadiko lau herrietako zortzi farmazietan proiektu hau probatzen. Berez, udaberrian hasteko asmoa zeukaten, baina arazo teknologikoak direla medio, data atzeratu behar izan dute.

Gipuzkoan

Hala, irailean jarriko dute martxan Oñatin sistema berria. Baina, Oñatin jartzeaz gainera, Gipuzkoa mailan Hondarribin jarriko dute. Dena den, gainontzeko herrietara 2013 hasieran hedatuko da.

Euskadin

2013tik aurrera sistema hau Euskadiko 823 farmazia eta 232 botikinetan egongo da. Atzo, besteak beste, Derion hasi ziren sistema hau probatzen.

Funtzionamendua

Herritar bakoitzak txartel pertsonal bat izango du eta txartel honekin, farmazietan behar duten sendagaia hartu ahal izango du. Izan ere, herritar bakoitzaren medikuak mezu elektroniko baten bidez, pertsona bakoitzak behar duen sendagaia bidaliko du eta txartelean erregistratuta geratuko da. Modu horretan, herritarrak ez dira anbulategira errezeta hartzera joan beharko. Hau da, zuzenean farmaziara joan ahal izango dira eta txartelarekin behar duten sendagaia erosi.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak