Josean Cavadak Natra-Oñatin jokatuko du datorren denboraldian

Aketz Zubia 2012ko uztailaren 23a

EBA ligan beste denboraldi batez jolasten jarraituko du Natra Aloñak. Hori dela eta, plantilla osatu eta fitxaje berrietan erabat murgilduta dago saskibaloi taldea. Josean Cavada pibot donostiarra izango da Oñatiko taldeko kide berria.

Josean Cavada donostiarra Oñatin izan zen barikuan bere talde berriarekin kontratua sinatu eta datorren denboraldian Aloñan jokatuko duela adierazteko. 23 urte ditu eta 2,04 metro. Azken lau denboraldiak LEB ligan jokatu ditu, Lan Mobel taldean. Baina pasadan urtean belauneko lesio bat zela medio, denboraldi gehiena kantxatik kanpo pasatu zuen. Orain, berriz bueltan da, gogo eta ilusioz gainezka.

Beste hiru urtez Bartzelonako harrobian ere izandakoa da Cavada. Izatez, Espainiako selekzioarekin Europako txapelketa batean brontzezko domina lortu zuen Ricky Rubio eta beste zenbait jokalarirekin.

Entrenatzaile berria

Denboraldi berriari begira, entrenatzaile berri baten bila dabil  Natra-Oñati azken egunetan. Entrenatzailea lotzeaz gain, jokalari berri gehiago ekartzeko asmotan ere badabiltza arduradunak. Asier de la Iglesiak taldean jarraitzeko asmoa erakutsi du, eta beste batzuk zalantzan daude. Dena dela, hurrengo egunetan plantilla osatu eta gauzak zehazten joango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak