Idazle eta olerkari bikaina izan zela bagenekien guztiok, baina orain badakigu idazteko trebetasuna ez zela apartekoa zuen bakarra, baita bizitzeko eta izateko era ere; horixe erakusten ahalegindu zen zapatuan Pello Zabala Gandiaga Topagunean. Gandiagaren olerkiak errezitatu bitartean haren bizitzako pasarte esanguratsuenak ekarri zituen gogora Zabalak.
Gandiagaren "arbolaritatea"
Gandiagaren bizitzako pasarte batek baino gehiagok eragin zuen entzuleen barrea, baina beharbada batek bereziki. 1977an zuhaitzaz mintzo zen olerkia idaztegatik epailearen aurrera eraman zuten Gandiaga, olerki hartan politika zegoela esanez. Epaimahaiak baietz eta Gandiagak ezetz, baina azkenean frantziskotarra haserretu eta zera esan zien: Me quiere decir de que politica es el árbol? Yo soy un arbol esanez hasi zen bere olerkiaren esanahia azaltzen eta bere "arbolaritatetik" hitz egin ziela kontatzen zuen Gandaiagak bere liburuan.
Txakolinaren pasartea ere polita izan zen; euskal herritarren egoera ulertu ahal izateko txakolin trago bat edan eta garraztasuna aguantatu bitartean edaria ahoan izatera gonbidatu zituen lagun bi Gandiagak.
Gandiagan Gandiagaren bila ibili ziren zapatuan eta Pello Zabalari esker baita topatu ere.