Arantzazuko santutegiko dorreko arantzak sorgin eta lamiek hartu dituzte gaur goizean. Izan ere, ARTaso eskulangintza azoka egin dute euskal mitologia ardatz hartuta eta Joxe Ramon Zarketa artistak mitologiako pertsonaiak kokatu ditu bertan. "Alde batean, kolore urdina erabili dut ura irudikatzen; bertan daude lamiak ere. Beste aldean, kolore gorria jarri dut lotura eginez: sorginekin, lapikoekin edo sendabelarrekin lan egiten dutenekin", azaldu digu.
Ukendu eta sendabelarrak
Hain zuzen, intxixu bat baino gehiago zegoen artisauen artean. Xabier Iguaranek, esaterako, sendabelarren gaineko argibideak eman ditu eta jendez gainezka zegoen bere postua.
Guztira zortzi artisau izan dira; horietatik hiru oñatiarrak. Hala, basilikaren kanpoaldeko mahaietan sendabelarrez gain, xaboiak, eztia, saskiak, eta zeramikakoz eta egurrezko piezak aurki zitezkeen.
Espiritualtasuna landuz
ARTaso elkarteak antolatzen duen azoka da."Artisauen mundua, artzainena eta sendabelarrena uztartu nahi izaten ditugu. Bestalde, gure helburua erlijioa beste ikuspuntu batetik ikusaraztea ere bada, mitologiatik. Eliza hemen kokatu aurretik bazen beste espiritualtasun bat eta hor kokatzen da mitologia. Hor sakondu nahi dugu", adierazi zigun Zarketak.
Azoka arrakastatsua
Poliki-poliki indarra hartzen doan azoka dela zioen Zarketak eta hori argi geratu da gaur. Gaineratu digu: "Ea hamargarrena ere egiten dugun".