Santiago garaian, urteroko zita izaten da Degurixako kanpaldia. Aurten, 40.ez egingo dute.
"Engantxatu" egiten duen esperientzia
Amaia Lasaga oñatiarra da antolakuntza lanetan diharduenetako bat. Kontatu digu 18 urte zituenean joan zela lehendabizikoz kanpaldira eta dagoeneko 20 urte daramatza hutsik egin gabe. "Engantxatu egiten du" dio. Hasieran, lagunartean ondo pasatzeko asmoz joaten zirela esan digu. 2000. urtetik, baina, antolatzaile lanetan ere badabil.
50 lagun elkartuko dira
Lasagak adierazi digu aurten ezin izan dutela beste urte batzuetako egitaraurik antolatu: "Boluntario gutxi gaude eta sukaldariak ere ezin izan du etorri azken unean. Horrenbestez, erabaki behar izan genuen kanpaldia bertan behera utzi edo egin. Egitea erabaki dugu, baina egonaldia laburragoa izango da. Antolatzaileak gaur igoko gara dena muntatzera eta zapatuan etorriko dira elbarrituak".
Santiago eguna noiz izaten den, kanpaldia luzeagoa edo motzagoa egin izan dute. Aurten, baina, asteburua pasatzera joatea erabaki dute jende gutxiago zirela ikusita. Lasagak zehaztu digu kanpaldiaren 25. urteurrenean, 150 lagun elkartu zirela eta aurten 50 izango direla. 20 gutxitu eta 25 laguntzaile elkartuko dira. Besteak beste, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate eta Bergarako gutxituak joango dira Degurixara. Gipuzkoako beste zenbait herritakoak ere animatuko dira, ordea.

Helburua "ondo pasatzea"
Egitaraua ere moldatu egin behar izan dute. Hala ere, Degurixan ez da musika eta jolasik faltako. Ekintza ugari antolatzen dituzte. Beste urte batzuetan, adibidez, bigantxak eraman izan dituzte eta baita globo aerostatikoa ere.
"Zoragarria da elbarrituek ekintzetan erakusten duten bizitasuna ikustea. Eurak harritzen saiatzen gara. Zerbait ezberdina egiten. Primeran pasatzen dugu eta giro bikaina izaten dugu. Parrandarik ere ez da falta izaten", adierazi digu Lasagak.

Jende gaztea behar dute
Gaineratu digu jende gaztearen beharra dutela. Izan ere, 2000. urtetik ez dela jende berririk animatu nabarmendu digu. "Jende gaztea behar dugu parrandarako, ekintzak antolatzeko eta ideia berriak proposatzeko". Hala ere, Lasagak zehaztu nahi izan du: "Denon artean ondo pasatzea da nahi duguna; lana egiteko bagaude gu. Jende ezberdina ezagutzea da helburua, eta, aldi berean, elbarrituekin izan ditzakegun heziak apurtzea".
Gazte zein helduei egiten diete, baina, Degurixara igotzeko gonbita antolatzaileek. Asteburu pasa edo egun pasa.
