Bi aktore nahiko xelebre
Lehenbiziko hitzordua hurrengo egubakoitzean, uztailaren 27an, izango da. Trapu Zaharra antzerki taldeak Ametsetan bizi izenburuko lana eskainiko du Herriko Plazan, 19:00etan. Kale antzerkian eskarmentu handia daukate Trapu Zaharrekoek, eta azken lana ekarriko dute Oñatira. Santi Ugalde eta Mikel Laskurain aktore ezagunak dira laneko protagonistak: aspaldidaniko bi aktoreren istorioa da, gaur egungo egoera dela-eta kalera atera behar dutenak euren promozioaren bila eta, batez ere, euren lana zabalduko duen agente edo ordezkari baten bila. Errepertorio zabala (karaokea tartean) duten aktoreak dira biak ala biak, eta, ziur asko, ikusleak barrez lehertzen amaituko dute haien pasadizoekin. Agian, ordezkaria topatuko dute Oñatin... batek daki.
Egitarauaren barruan nazioarteko artistak ere badira. Horiek lotzea izaten da zailena, eta aspaldi hasi ziren gaztelekukoak egitaraua gertatzen. Txinatik Chongqing akrobazia taldea etorriko da abuztuko oporren bueltan, irailaren 1ean.
Josu Zubiaren magia
Eta nazioartekoak bakarrik ez, bertako artistak ere izango dira tartean. Josu Zubia gazte oñatiarrak emanaldia egingo du abuztuaren 31n. Gipuzkoako Kantu Txapelketan finalista izan zen Zubia eta showman peto-peto bilakatu da, antolatzaileen arabera. Musika eta magia uztartzen ditu Josu Zubiak, eta, seguruenik, ikusle bat baino gehiago aho zabalik utziko du hark.
Kuba eta Euskal Herria
Esandako moduan, egitaraua datorren egubakoitzean jarriko dute abian, eta hitzordu bikoitza izango da asteburuan. Trapu Zaharraren emanaldiaz gain, Kubako eta Euskal Herriko musika tradizioak batzen dituen La Jodedera taldeak Oñatiko kaleetan jardungo du zapatuan, hilaren 28an. Kubako Oscar eta Mandik eta Jomes eta Jon euskaldunek osatzen dute La Jodedera. 2010eko maiatza ezkero dihardute elkarrekin, eta emaitza bitxia lortu dute: Kubako doinuak euskaraz eskaintzen dituzte edota euskarazko abestiak Karibe aldeko erritmoekin. Musika alaia eta freskoa kaleak alaitzeko eta oñatiarrak eta hara hurbiltzen direnak dantzan jartzeko.
Egitaraua
Uztailak 27
- 19:00 Trapu Zaharraren Ametsetan bizi, Herriko Plazan.
Uztailak 28
- La Jodedera musika taldea, arratsaldez, herriko kaleetan.
Abuztuak 25
- Surf festa, egun osoan zehar.
Abuztuak 31
- 22:30 Josu Zubia eta artista gonbidatua, Atzeko kaleko agertokian.
Irailak 1
- 19:00 Chongqing Acrobatic Troupe. Txinako akrobazia talde ikusgarria, herriko kaleetan.