Gandiagak lurra, zuhaitzak, harkaitzak, haizea, ura… maite zituen eta horiei buruz mintzo dira bere olerkiak, naturako elementu guzti horiek izan baitziren XX. mendeko poeta handi honen inspirazio iturri. Gandiagak inork baino hobeto adierazten ditu Aizkorri Aratz Parke Naturaleko eta, zehazki, Arantzazuko balio naturalak.
Errezitaldia eta bisita
Jardunaldia parketxeko atarian ospatuko da, poetaren izen bereko eraikinean, Gandiagan, hain zuzen ere. Gandiagaren poesia errezitaldia egingo dute lehenik; Pello Zabala bere lagun-min eta fraide-kidea izango da aurkezle eta olerkien esatari. Errezitaldian Arantzazu Arabaolaza eta Itziar Ugarte ere izango dira, poesia aho gazteagotan errezitatuz, Gandiagaren olerkia gero eta biziago dagoela adieraziz. Eta horiekin batera, hurbiltzen den publikoa ere parte hartzera gonbidatu nahi du antolakuntzak, denek izan dezaten aukera poesia lehen pertsonan bizitzeko.
Bigarren zati batean, Interpretazio Zentroko gune ezberdinak bisitatzeko aukera izango da, poesia klabean betiere; Arantzazuko Parketxea poesian idatzitako gidoi batekin bisitatu ahalko den lehen aldia izango da.
Doakoa izango da parte-hartzea baina, plaza mugatuak izango direnez, komei da erreserba egitea aurrez, Arantzazuko Parketxean.
Bertako turismo esperientziala
Gandiagan, Gandiaga bila natura eta kultura uztartzen dituen ekimena da. Horren bitartez, Gandiaren lana balioan jartzeaz gain, turismoa sustatzea dute helburu antolatzaileek. Bereziki, turismo esperientziala da landuko dena eta, hain zuzen, poesia zaletasuna esperimentatzeko aukera emango duena.