Ruben Nogueiras: "Kirol hau praktikatzea garestia da, ez daukagu-eta inoren laguntzarik"

Maialen Regueiro 2012ko uztailaren 19a

Honakoan Ruben Nogueiras (Oñati, 1973) pilotua da gure elkarrizketatua. Izan ere, aurreko asteburuan Arlabango igoeran hartu zuen parte eta hirugarren postua eskuratu zuen. Lasterketa honetan izandako esperientziaren eta urte honen balorazioaren gainean hitz egin dugu, besteak beste.

Nondik dator automobilismoarekiko zaletasuna?

Betidanik izan dut motor munduarekiko interesa. Egun batean, Untzillako igoera ikustera joan nintzen eta txundituta gelditu nintzen. Geroztik, geroz eta gehiago interesatu zait mundu hau eta automobilismoarekin zerikusia zuten ekitaldiak ikustera joaten hasi nintzen, besteak beste, rallyak eta auto-krosa.

Zenbat urte daramatzazu honetan?

2007an izan nuen lehen esperientzia: auto-kros modalitateko hainbat lasterketatan hartu nuen parte. 2009an, aldiz, gaur egun dudan CM-a erostea erabaki nuen igoeratan parte hartzeko.

Zer da automobilismoa zuretzat?

Berez kirol bat da, baina niretzat zaletasuna da. Oso garestia da kirol hau praktikatzea ez baitaukagu inoren laguntzarik (babesleak salbu) eta gastu guztiak gure poltsikotik ordaindu behar ditugu (inskripzioa, lizentzia, igoeratako gastuak...) eta ez da bidezkoa. 

Arlabangoa izan da egindako azken igoera. Nola joan zen?

Espero nuena baino okerrago. Igoeraren ibilbidea ondo ezagutzen nuen, baina hainbat arazo izan nituen. Izan ere, gurpil berriak falta zitzaizkidan, aste osoa gaixorik pasa nuen eta ez nengoen ehuneko ehunean. Bigarren igoerako denbora ez nuen espero, ez zen ona izan. Baina, batzuetan, hobeto egin duzula pentsatzen duzunean gaizki irteten da; eta alderantzizkoa ere gertatzen da. 

Ibilbidea berria izan da aurten.

Aurtengo ibilbidea asko gustatu zait, nahiz eta errepide zati batzuk hobetu beharra dauden. Izan ere, gure autoek lurra ukitzen dute leku askotan. Dena den, Arlabangoa, egin ditudanetatik igoera politena izan da.

Zeinetan moldatzen zara hobeto: bide zaharrean edo geroz egindakoan?

Berriago honetan. Gatzagako igoera aurreko urtean egin nuen eta motza eta azkarra zela iruditu zitzaidan.

03:26:449ko denbora. Gustura?

Nik espero nuena baino okerrago. Azkar nindoala uste nuen, baina Aitor Arakistain eta Joseba Iraolak izugarrizko denbora egin zuten. Horregatik, nik egindako denbora ez zen hain ona. 

Errepide lehorra ala bustia?

Nahiago dut errepide lehorrean lasterketa egitea. Izan ere, lehorrean istripu bat izateko arriskua txikiagoa da. Hala ere, Aitor Zabaletari irabazi ahal izateko errepide bustia beharrezkoa dela uste dut. Lehorrean bere denboretara gerturatzea ia ezinezkoa da. Hala ere, lehorrean gehiago disfrutatzen dut. 

Zure autoaren ezaugarriak zeintzuk dira?

Nire autoak azelerazio bikaina du eta oso zintzo jokatzen du. Autoak ez du asko pisatzen eta izugarrizko potentzia dauka. Hori dela eta, igoeretarako ezin hobea da. Auto honek eskaintzen dituen sentsazioak beste autoekin konparaezinak dira. 

Denboraldi amaiera non eta noiz?

Euskal Herriko txapelketa Urrakiko igoeran amaituko da, urrian. Bertan erabakiko da aurtengo txapelduna. Aitor Arakistain dago lehen postuan, baina ni bigarrena naiz eta bere puntu berdinak ditut. Hala ere, Joseba Iraola eta Aitor Zabaletak, adibidez, badute txapeldun izateko aukera. Hori dela eta, Urrakiko igoera oso garrantzitsua izango da. Bestalde, Espainian ere hainbat igoera egingo ditut, Kantabrian eta Galizian, esaterako. Asteburu honetan, adibidez, Galiziako lagun batek antolatzen duen igoera batera noa.

Urtearen balorazioa?

Momentuz aurtengo denboraldia ondo doa. Hala ere, Euskal Herriko txapelketaren irabazlea airean dago. Irabaziz gero, denboraldi oso ona izango da, ez badut irabazten aldiz, ona. Gure helburuak,  aldiz honakoak dira: igoeratan gozatzea, lagunekin ondo pasatzea eta Euskal Herritik kanpoko  igoeratan jendearekin erlazionatzea. Dena den, krisi ekonomikoa dela eta, aurreko urtean egin ziren hainbat igoera ezin izan dira burutu, diru faltagatik. 

Hurrengo urterako zer?

Hurrengo urtean Euskal Herriko txapelketa egitea gustatuko litzaidake, berriro ere. Espainiako txapelketan gauzak aldatuz gero, besteak beste, presidentea, parte hartuko dut. Hala ere, lagunek antolatzen dituzten beste igoeretan (Galizia, Kantabria eta Errioxa) ere parte hartzea gustatuko litzaidake.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak