10 gaztetxo aritu dira bi astez Arte Udalekuetan

Maialen Regueiro 2012ko uzt. 13a, 16:09

Aurten betiko Udaleku irekiez gain, Arte Udalekuetan izena emateko eskaintza egin zuen Oñatiko Udalak. 11-13 urte bitarteko gaztetxoentzat zuzendutako proiektu pilotu bat da. Uztailaren 2an hasi ziren eta atzo bukatu zuten. Bi aste hauetan marrazketa, argazkilaritza eta diseinu grafikoa landu dituzte, besteak beste Oñatiko Gaztelekuan. 

Herritar baten ideia
Udaleku hauek herritar batek izandako ideia batetik sortu dira. Izan ere, herritar honi, kirola ez den eta artearekin erlazionatutako beste esparru batzuk lantzearen ideia interesgarria iruditzen zitzaion. Hala, Udalak ideia hori hartu eta proiektu pilotu bat egitea pentsatu zuen. Horretarako, jende profesionala kontratatu gabe, herriko artistengana jo dute ideia guztion artean osatzeko.
Ikasleak
Arte Udaleku hauek Oñatiko 11-13 urteko gaztetxoentzat zuzenduta sortu ziren eta guztira, 10 pertsonek hartu dute parte Udaleku hauetan. Izan ere, ideia eman zuen herritarraren ustetan, 11-13 urteko gaztetxoak nagusiegiak dira Udalak eskaintzen duen Udaleku irekietan parte hartzeko eta gazteegiak bestelako eskaintzetan izena emateko.
Horrez gain, herritar honek azpimarratu zuen gaur egun, egiten den eskaintza nagusia kirolei lotutakoa dela eta kirola ez den beste esparru batzuk ere bultzatu behar direla.
Bi asteko Udalekuak
Uztailaren 2an hasi ziren Arte Udaleku hauek eta atzo bukatu zituzten. Bi aste hauetan, marrazkigintza, argazkigintza, komikigintza, diseinu grafikoa eta serigrafia lantzeko aukera izan dute.
Uztailaren 2an hasi eta 4era arte, marrazkigintzan aritu dira. Gaztelekuan marrazten egoteaz gainera, eguraldi ona aprobetxatuz, kalera ere irten dira Udaletxea, Unibertsitatea...marrazteko. Uztailaren 5ean eta 6an, aldiz, argazkigintza landu dute. Horretarako, Oñatiko kaleetan zehar ibili dira argazkiak ateratzen.
Bigarren astean aldiz, uztailaren 9tik 10era, komikigintza tailerra izan dute. Horretarako, lehen astean marraztutakoak erabili dituzte. Arte Udaleku hauei amaiera emateko diseinu grafiako landu dute. Horretarako, Gaztelekuko ordenagailuak erabili dituzte eta marrazkigintzan sortutakoa ordenagailura eraman dute hainbat programetan marrazki horiek lantzeko. Ordenagailuan egindakoa serigrafiara eraman nahi izan dute, kamiseta bat egiteko asmoz, hau da, Udaleku hauen emaitza kamiseta bat izango da, zeinek bi aste hauetan egindakoa plasmatuko duen.
Balorazioa
Jon Lopez Oñatiko Gaztelekuko arduraduna da eta Arte Udaleku hauen balorazioa egin digu amaitu ez diren arren.
Proiektu berria izan arren, taldea sortzeko arazorik ez dutela izan adierazi du. Bere esanetan, "ikasleak pozik daude eta ondo erantzun dute". Lopezek udaleku hauen helburua gauza ezberdinak erakustea izan dela azpimarratu du. Izan ere, badirudi, gaur egun kirolaz gain ez dagoela ezer. Azkenik, proiektu hau finkatzen hastea posible dela esan du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak