Andoni Ugarte: "Realarekin amaituz gero, oso gustura bueltatuko nintzateke Aloña Mendi taldera"

Maialen Regueiro 2012ko uzt. 9a, 13:06

Andoni Ugarte (1995) futbolari oñatiarra Aloña Mendi taldean jokatzen hasi zen arren, gaur egun Realean dihardu.

Zenbat urte daramatzazu Realean?

Datorren denboraldia liga jokatzen dudan bosgarren urtea izango da. Dena den, aurretik bi urtean hainbat torneo jokatu ditut.

Nolatan Realean?

11 urterekin Aloñan jokatzen nenbilen eta Zubietara entrenamendu batzuk egitera joateko proposatu zidaten. Infatiletako bigarren urtean taldea sortu zen eta ordutik hona kontuan hartu naute.

Ikusten zenuen zure burua Realean?

Lehenengo aldiz deitu zidatenean espero ez nuen zerbait izan zen, baina notizia oso gustura hartu nuen.

Nola sentitzen zara Realeko jokalari izanda?

Realean mutil gazte asko gaude eta beste bat gehiago bezala sentitzen naiz. Sakrifizio eta ardura handia eskatzen duen zerbait da. Batzuetan, gogorra egiten da, baina gustura nabil.

Ikusten duzu zure burua etorkizunean talde nagusian?

Momentu honetan futbol maila nola dagoen ikusita, oso zaila da, baina esperantzarik ez da inoiz galdu behar. 

Ez da berdina izango Aloñan edo Realean jokatzea.

Realean jokatzeak desabantaila asko ditu erosotasun aldetik, astean lau aldiz Donostiara joan behar izaten dudalako. Eskakizun maila handia eskatzen du. Bestalde, Aloñan nuen lagun arteko giroa faltan igartzen dut. 

Penarik eman zizun Aloña uzteak?

Bai. Herriko taldea da eta lagunak bertan daude. Zaila egiten da talde berri batera mugitzea.

Aloñatik oroitzapen onak dituzu?

Bai, oso onak. Giroa oso ona zen gure artean. Gainera, urte onak egitea lortu genuen. Haiekin harremana izaten jarraitzen dut, eta, batzuetan, haiekin entrenatzera joaten naiz. 

Nolakoak dira entrenamenduak eta partiduak?

Urteek aurrera egin ahala, gogorragoak dira. Exijentzia maila handia eskatzen dute. Gehienetan, gu baino zaharragoak direnen aurka jokatzen dugu eta partiduak gogorrak izaten dira.

Nola joaten zara entrenatzera eta partiduetara?

Entrenamenduetara taxian joaten naiz. Taxia hainbat herritatik igarotzen da eta jokalariak batzen ditu. Partiduen kasuan, Gipuzkoan badira, gurasoekin joaten naiz, baina Gipuzkoatik kanpo jokatzen dugunean, taldekoak autobusean joaten gara. 

Zer da Realean egotearen onena eta txarrena?

Jende berria ezagutzeko eta gustuko duzuna goi mailan egiteko aukera ematen dizu. Txarrena, Oñatitik Donostiara bidaiatzea eta egun batzuk sakrifikatzea. 

Realean esperientzia onak eta txarrak izango zenituen.

Lehenengo urteak oso politak izan ziren, gogo handirekin hasi nintzelako esperientzia berri honetan. Gainera, jokatu nituen hasierako torneoetatik oroitzapen onak ditut. Momentu txarrak ez ditut izan, baina torneo bateko finala galdu genuen eta pena eman zidan. 

Zenbat urtean egongo zara Realean?

Hurrengo urtean ere jokatuko dut Realean, baina hortik aurrerakoak ez dago jakiterik.

Etorkizunean Aloñara bueltatzeko asmorik?

Realarekin amaituz gero, oso gustura bueltatuko nintzateke. 

Zer aldatu da Aloñan zegoen Andonitik Realean dagoen Andonira?

Egia esan, nahiko gutxi. Orain  arduratsuagoa naizela esango nuke, konpromiso bat baitaukat.

Hurrengo denboraldirako ze asmo?

Hurrengo urtean gazteen ohorezko mailan jokatzeko aukera eman didate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak