Oñatiko berdintasunerako diagnosia eta plana egin gura ditu Udalak. Plan horrek, gainera, berdintasunaren inguruko sentsibilizazioa zabaltzen laguntzea da asmoa. Maiatzean hasi dira lan hori egiten eta urtea bukatu arretik amaitu gura dute.
Arazoak identifikatu
Diagnosiaren helburu orokorra da herriko gizon eta emakumeen errealitatearen ezagutza sakona lortzea, beraien arazoak identifikatu eta gizon emakumeen berdintasunean aurrea egiteko oinarrizkoak diren esku-hartze eremuak definitzea.
Maialen Urtzelai Berdintasun zinegotziaren esanetan, arlo ezberdinak aztertuko dituzte. "Udal baliabide eta zerbitzuen erabilpenean, adibidez, gizon eta emakumeen artean dauden ezberdintasunak zehaztu eta oinarrian dauden arrazoiak zeintzuk diren aztertuko dugu. Bestalde, emakumeen eta gizonen ardura eta inplikazio mailak ere aztertuko ditugu, esaterako, etxeko lanen banaketan, aisialdirako denboraren erabilpenean edo zaintza lanetan". Azterketa guzti horiek, gainera, emakumeen aurkako indarkeriaren fenomenoak Oñatin duen nolakotasuna ezagutzen ere lagunduko dio Udalari.
Herriaren inplikazioa
Berdintasunaren diagnosia eta plana egiteko arlo ezberdinetan diharduten herritarren parte- hartzea bultzatu gura du Udalak. Batetik, herritarrak bizi diren esparru ezberdinetan berdintasunaren maila zenbatekoa den eta herritarrek duten ezagutza eta konpromiso maila zein den jasoko du modu horretara Udalak. "Bestetik, udaleko langileek berdintasun gaien inguruan duten ezagutza eta sentsibilizazio maila ezagutu eta haien zereginetan genero ikuspegia txertatzeko dituzten aukerak eta zailtasunak ere jasoko ditugu", zehaztu du segidan Berdintasun zinegotziak, Maialen Urtzelaik.
Elkarrizketak
Berdintasunaren diagnosia egiteko prozesuak finkatuta dituzte dagoeneko. Hiru fase nagusi izango ditu. Lehen fasean, iturri ezberdinak kontsultatuko dituzte familia eta lan bizitzaren bateragarritasuna, hezkuntza, mugikortasuna, osasuna, emakumeen aurkako indarkeria edo adibidez hirigintzari buruz jakiteko. Bigarren fasean, elkarrizketak egingo dituzte eta hirugarrenean, lehen eta bigarren fasean jaso duten informazioaren irakurketa egingo dute.
Parte hartzea
Beste esparru batzuetan egin bezala, proiektu hau ere partehartze sistemaren bidez egingo du Udalak. "Prozesu guztian zehar harreman zuzena mantenduko da udal teknikariekin, herrik elkarteekin eta herritarrekin. Harreman horren bitartez, informazioa, iritziak eta ekarpenak jasotzeaz gain, prozesuan inplikatutako agente guztiekin sentsibilizazio eta formazio lana egingo da", dio Berdintasun zinegotziak.
Zentzu horretan, gizonezkoen parte-hartzearen garrantzia ere azpimarratu gura izan du Urtzelaik. "Bi alderen arteko berdintasunerako prozesuan alde biek egon behar dute, ezin da bat bazterrean utzi. Oso zaila izango litzateke, adibidez, erantzukizunaren gainean aurrea egitea, gizonen jarrera eta pentsaera aldaketak bultzatu gabe. Gainera, gizonak ere genero sistemaren eraginez sortutako gizontasun eredupean bizi da. Eredu horien eraginez hainbat arazo jasaten dituzte, eta horiek ere landu egin beharko lirateke".
Duela 20 urte, 1992an, egin zuen Oñatiko udalak herriko emakumeen inguruko azken ikerketa. Maiatzean hasi zuen herriko berdintasunerako diagnosi eta plan honetarako teknika ezberdinak erabiliko dituzte, baina emakume nahiz gizonen parte-hartzearekin egin gura dute eta horretarako ezinbestekoa da guztien ekarpena.