Bergara Koloretan eta Espeleotxiki aurtengo udako eskaintzako nobedadeak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 3a

Uztailean sartuta, hasi dira heltzen bisitariak Debagoienera, baina zaila da jakitea zenbaterainoko mugimendua izango den, kontuan izanik krisi betean gaudela eta horrek turismo ohiturak aldatzea eragin duela. Jakin badakiguna da Debagoienera datorrenak, ohiko eskaintzaz gain, berrikuntzak ere izango dituela aukeran: Bergara Koloretan eta Espeleotxiki Arrikrutzen.

 

Ordu erdi inguru eman dugu gaur, martitzena, goizean Oñatiko Turismo Bulegoan eta izan da mugimendua: Amoberietako lau txirrindulari egun pasa, Gironatik bizikletaz etorritako beste bat, A Coruñako matrimonio bat eta atzerritar itxurako emakume bat maletarekin. Joan-etorriak hasi dira eta hilabete honetarako badira hainbat talde bisita gidatuetarako erreserba egina dutenak.

Edozein kasutan, zaila da uztaila eta abuztua nola joango diren jakitea. Iaz bertan, esaterako, 4.000 bisiten muga gainditu zuten Oñatin, aurreikuspen guztiak gaindituz. Edozein kasutan, Oñatiko Turismo Bulegoan azaldu digute aurtengo urtean bisita gidatuek harrera ona izan dutela orain arte.

Bisitari gehienak Euskal Herrikoak eta Espainiakoak

Azken urteetako rankinga errepikatzen bada, kataluniarrak izango dira nagusi, madrildarrak gero eta balentziarrak zerrendan hirugarrenak. Eta turismo ohiturek izandako bilakaera ikusirik, espero izatekoa da aurten ere Euskal Herriko eta Espainiako bisitariak izatea inguruotan ohikoenak.

Askotariko aukerak

Unibertsitatea eta parrokia ezagutzeko bisita gidatua saltzen da gehien, baina atzerritik datozenek oinez egiteko ibilbideen gainean ere asko galdetzen dute.

Oñatin bertan izango da berritasunik, ordea, Espeleotxiki Arrikrutzen: sei urtetik gorako umeentzako abentura, Arrikrutzeko kobak azpitik ezagutzeko.

Baina Oñatin bakarrik ez, Bergaran ere bada nobedaderik aurten, orain gutxi inauguratutako Bergara Koloretan ekimena; horren bitartez, hutsik dauden erakusleihoak bergararrek egindako lanekin apainduta topatuko dituzte herriko hirigune historikotik igarotzen direnek.

Uztailean aukera izango da baita ere XI. Jardunaldi Gastronomikoen barruan prestatutako menu bereziak dastatzeko, bertako baratzeetako barazki, euskal baserriko oilasko eta txokolatearekin prestatutako platerak dastatzekoa, alegia.

Eta uztailean zein abuztuan, gura duenak Elgetako ibilbide tematikoan parte hartu ahal izango du; iazko urtean abian jarritako ekimena da hori. Eta azken berrikuntzekin batera, ohiko eskaintza izango da, noski.

Gutxi barru argitaratuko du Mankomunitateak aurtengo turismo gida, baina ikusi egin beharko da gero zer aukeratzen duen bisitariak, poltsikoari begira dagoelako jendea uneotan eta merkeenera jotzen duelako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak