Markel Irizar: "Ezustekorik izan ezean, Wigginsek beharko luke Tourreko garaile"

Aketz Zubia 2012ko uztailaren 2a

Markel Irizar (Oñati, 1980) Radioshackeko txirrindularia ez dago aurtengo Tourrean. Frantziako proban ez parte hartzeagatik pena handia dauka Irizarrek, baina orain Austriako lasterketan jarrita ditu asmo guztiak. Berarekin honi guztiari buruz hitz egin dugu.

Zer dauka Tourrak txirrindulari denek begiz jota izateko?

Lasterketa oso gogorra da, baina lasterketa garrantzitsuena ere bada eta oihartzun handia dauka mundu mailan. Tourrean lortutako emaitzak beste lasterketetakoek baino gehiago balio dute, prestigioa ematen dio txirrindulariari.

Evans edo Wiggins, zein da zure apustua?

Aurtengo Tourrak erlojupeko kilometro asko ditu, eta horrek lasterketa asko baldintzatzen du. Wigginsek aurten erakusten ari den mailari eusten badio, nik uste Tourreko garaile atera daitekeela.

Eta euskaldunen artean?

Euskaltel-Euskadik beti bezala oso maila ona emango du. Gorka Izagirre edo Ruben Perezek etaparen bat irabazi dezakete. Eta okerrik ezean, euskaldunon artean, uste dut Haimar izango dela hoberen sailkatua.

Batzuk Tourrera, zu Austriara, ze asmorekin?

Tourrean ez egotearen pena daukat. Gogotsu nabil, Tourrera joatea merezi nuela erakusteko gogoa daukat. Orain, Austrian, liderrari lagundu eta paper txukun bat egin nahiko nuke. Fisikoki ondo nago, ea gauzak ondo ateratzen diren.

Tourraren faltan, Vueltan bai?

Bai, Donostiako klasikoaren ondoren aurtengo Vueltan parte hartzeko asmoa daukat. Gero, denboraldia bukatutzat emango dut. Izan ere, iraila bukaeran semea jaioko da eta etxean egoteko gogoa ere badaukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak