Saioa Arando: "Kooperatiba eredua ona da, baina ez da bakarra"

Leire Kortabarria 2012ko uzt. 3a, 02:00

Saioa Arando MIKeko kidea da, eta Mondragon Unibertsitateko ordezkari gisa parte hartu zuen joan den astean Oñatin bukatu ziren jardunaldi batzuetan. Ciriec taldeak MU, EHU eta Deustuko Unibertsitatearekin antolatutakoak ziren, ekonomia sozialaren gainekoak.

MUko Eunate Eliok esan zuen krisiak indartu egingo duela kooperatiben eredua. Zergatik?

Begi bistakoa da krisi ekonomiko honek aldaketa batzuk ekarri behar dituela, eta, tartean, dauzkagun enpresa ereduak eraldatu beharra egongo da. Datuek erakusten dute kooperatibek etorkizun oparoa dutela testuinguru berri horretan, krisia beste enpresa batzuk baino askoz hobeto jasaten dutelako.

Hala, azken urteon gaineko datuak eman ditu Konfekoop-ek: iaz 100 kooperatiba baino gehiago sortu ziren eta aurten dagoeneko 70 bat sortu dira; enplegua hainbeste galtzen dabilen garai honetan, kooperatibek sortutako enplegua %1 handitu da azken urtean, eta BPGri egindako ekarpena %10 handitu da.

Honakoa ere esan zen: krisia ez dela bakarrik ekonomikoa, baizik eta zibilizazio osoarena.

Krisi sozial baten ere bagaude; gaur egungo eredu sozialak hutsune handiak dauzka. Ingurumen krisia ere bada. Erantzun integrala eman behar diogu arazo potolo honi.

Gizarte ekonomiak krisia aprobetxatu dezake aldaketari laguntzeko?

Krisi momentuak beti dira aldaketarako egokiak. Ekonomia sozialak erakutsi du krisi honetan beste enpresa eredu batzuk baino hobeto moldatu dela. Erronka honi aurre egin eta txanpa hartu behar da, eta erakutsi beste eredu batzuekin mundu hobea egin dezakegula. Kooperatiba eredu bat dago, gure bailaran oso ondo dabilena, baina ez du zertan bakarra izan. Guk argi ikusten dugu langileen parte-hartzea bultzatu behar dela.Parte-hartze mailak desberdinak izan daitezke. Beti izango da hobea enpresa bat non langileek erabakietan parte har dezaketen, parte hartzen ez duten enpresa baino. Zenbat eta parte-hartze maila handiagoa, orduan eta hobeto. Aldaketa integrala da, eta ez da oso erraza, baina emaitzak ematen ditu.

MIKek zer egin dezake krisi honi aportatzeko?

MIKek lau ikerketa-lerro dauzka orain, eta nik hirutan oso argi ikusten dut aportazioa egon daitekeela: erantzukizun soziala duten ereduak bultzatzen dituen ikerketa-lerroak lan egiten du sortu diren enpresetan parte-hartzea edo erantzukizun soziala bultzatzen; hori da zuzenki egin dezakegun aportazio garrantzitsuena. Bestalde, ekintzailetasun mota bat bultzatu dezakegu; guk lan handia egiten dugu ekintzailetasun soziala bultzatzen. Eta enpresa irekiaren lerrotik, eredu berriak sortu eta gure enpresetan txertatzen ditugu: eredu horizontalagoak, harreman errazagoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak