"Eraikin jasangarria izango da Eroskiren erakin berria. Material birziklatua eta ekologikoa erabili dugu eraikuntzan. Zero emisio denda izango da. Modu horretara eraiki dugun estatuko lehen denda da Oñatiko hau", azaldu du Iñaki Barakaldok, Eroskiko garapen teknikariak. "Bezeroak ez du ezer nabarituko dendara sartzen denean, baina gure ahaleginaren berri jakitea gura dugu", jarraitu du Barakaldok.
Eraikin berriak sortzen duen CO2 karbonoa, eraikina bera girotzeko berrerabiliko dute. Led argiak jarriko dituzte, argiteriaren kontsumoa gutxitzeko eta sabaia ere argia aurrezteko moduan egingo dute. Batetik, argia txoko gehiagotara heltzen ahalbideratzen duten sabaileiho bereziak jarriko dituzte eta bestetik, eguzki plakak. Horrekin sortu gura dute eraikinean behar duten energia.
Produktu gehiago
Eroski berria egungo aparkalekuaren bukaeran ari dira egiten. 2.050 metro karratu izango ditu eta horietatik 1.500 dendak hartuko ditu. Orain arte eskaini dituen zerbitzu berak emango ditu Eroski berriak ere: elikadura eta bazarra. Hala ere, salgai izango dituen produktuen marka kopurua handiagoa izango da. Harategia, arrandegia eta txarkuteria izango ditu, eta denetan egongo dira langileak bezeroak atenditzeko. Hortaz, egun baino langile gehiago egongo dira gero, nahiz eta kopuru zehatza eman ez duten.
2008tik
2008tik dator egungo Eroski handitzearen proiektua. Orduko alkate Lourdes Idoiagak baieztatu duen moduan, Udalak eskatu zion Eroskiri elikagaiak eta bazarra bakarrik eskaintzeko aurrerantzean ere, orain arte bezala. "Txandari jakinarazi genion gure nahia. Herriko merkatari txikien mesederako eskatu genion hori Eroskiri, eta muga hori onartu egin zuten. Beste bi enpresak euren biltegi handiak Oñatin jartzeko eskatu zuten, baina ez genien baimenik eman", zehaztu du Idoiagak. Lanak geldi egon dira orain arte; zortzi hilabete beharko dituzte, eta ondo bidean urriaren hasieran zabalduko dute.
108 autorendako aparkalekua
Eraikin berria zabaltzen dutenean botako dute egungoa, aparkalekua hor egiteko, eta hondakinak xehatu eta berrerabili egingo dituzte aparkaleku berri horren asfaltoa egiteko. 108 ibilgailuendako tokia izango du aparkaleku horrek. Sei plaza egongo dira gordeta elbarriendako. Gainera, auto elektrikoak kargatzeko bi puntu ere jarriko dituzte gune horretan. Horrez gain, 15 bizikletendako tokia ere egongo da.