Guardia Zibila Oñatitik eta Euskal Herritik joan dadin eskatu dute ehunka lagunek Fan Hemendik Egunean

Julen Iriondo 2012ko uztailaren 1a

450 lagun batu ziren bazkarian eta manifestazioa egin zuten arratsaldean. Guardia Zibilaren kontrako oihuak egin zituzten ibilbide osoan, eta tortura irudikatu zuten bi lagunek Bidaurreta parean. Kuartel aurretik ere pasa zen protesta, gorabeherarik gabe.

ARGAZKI GALERIA

Aurtengoa bigarren aldia izan duen Fan Hemendik Egunaren hitzordu nagusia izan zen manifestazioa, baina egitarauak beste hainbat ekintza ere bazituen: 450 lagun batu ziren, esaterako, azokako aterpean egindako bazkarian –trikipoteoa eta kontzertuak ere egin zituzten–, eta horiei beste hainbat batu zitzaizkien arratsaldeko protestan, bertakoak zein bailarako beste herri batzuetatik etorritakoak.

Guardia Zibil jantzita zeuden lagunek eusten zuten pankartaren atzetik, manifestazioak herriko kaleak zeharkatu zituen; Guardia Zibilaren kontrako hainbat oihu egin zituzten parte-hartzaileek ibilbidean, eta salatu zuten, adibidez, "bortxatu, torturatu eta erail" egiten duela: bi lagunek, erdi biluzik, eskuak lotuta eta buruan plastikozko poltsa zutela, tortura irudikatu zuten Bidaurretako biribilgunean, martxa bertatik pasatzen ari zen garaian.
Kuartel aurretik ere pasatu zen manifestazioa, eta orduantxe entzun ahal izan ziren ozenen Guardia Zibilaren kontrako oihuak: ez zen, bestela, apartekorik izan.

Ibilbidearen amaieran, Fan Hemendik batzordeko Iñaki Guridik adierazi zuen "indar okupatzaileek" Euskal Herria uztea lortuko dela eta "herri mobilizazioa" jo zuen horretarako tresna. Guardia Zibila Euskal Herrian dagoen bitartean, helburu diren "bakea eta normalizazioa" lortzea ezinezkoa dela gaineratu zuen.


















ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak