Patin gainean ibiltzea aukeratu dute udako kanpainako gehienek

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko ekainaren 26a

747 umek eman dute izena, eta 809 ekintza egingo dituzte gaurtik abuztu bukaerara. Oraindik tokia dago bigarren txandarako eta abuzturako.

Udako kirol kanpaina hasi zuten atzo herriko 747 umek. Eskaintza zabala izan da aurten ere baina ume gehienek aukeratu dutena da patinetan ibiltzeko eta ikasteko eskaintza.

Patinak eta minitenisa

Patinetan ibiltzeko aukera izan da aurtengo udako kirol kanpainan arrakasta izan duen eskaintza. Patin-dantza eta abiadurazko patinajea egiteko aukera ere eskaini dira, berritasun moduan, baina ez dute aurrera egin, taldeak egiteko beste jende ez direlako apuntatu. Zaldian ibiltzeko aukera ere berria izan da aurten, eta horrek bai, horrek izan du erantzuna. Talde guztiak betetzeko adina ume apuntatu ez badira ere, aurrera atera da ekintza eta ume batzuk zaldi gainean ere pasako dute uda.

Patinetako aukerarekin batera, minitenisa da ume gehienek aukeratu duten beste ekintza bat. Baita eskalada eta batuka txikia ere. Tenisaren eskaintzak, aldiz, jaitsiera izan du aurreko urteetako eskariarekin konparatuta.

Ekintza bat baino gehiago

Aurten 747 umek eman dute izena udako kirol kanpainarako, baina 809 ekintza antolatu dituzte guztira, izan ere, hainbat umek ekintza baten baino gehiagotan hartuko dute parte.  

Beti bezala, baina, lehenengo txandarako besteetarako baino gehiago apuntatu dira. "534 ume apuntatu dira lehenengo txandarako, eta 275 txanda bakarrerako. Hau da, lehenek egunero izango dituzte ekintzak eta bigarren multzo horretan daudenak astean birritan edo hirutan", Manuel Irazabal kiroldegiko idazkariak azaldu duen moduan.

21 begirale

Aurtengo udako kirol kanpainan 21 begiralek izango dute 3 eta 18 urte arteko ume eta gaztetxoen ardura. Eurak izango dira ikastaroen gidariak. Umeak, bestalde, ez dute aparteko ezer eraman behar kirol hitzorduetara. Patinak eta bizikletak dira eraman beharreko elementu bakarrak, eta noski, ur ekintzetarako jantziak. Baloiak, erraketak edo bestelakoak udaleko kirol zerbitzuak jarriko ditu, urtero moduan.

Oraindik badago tokia

Bigarren txanda uztailaren 9tik 20ra izango da eta eskainiko diren aukerak dira: mendi bizikleta, minitenisa, tenisa, badmintona, squasha, patinaia, jolasak, pilota erraketa kirolak eta eskalada. Abuztuan, berriz, igeriketa, ur jolasak, tenisa, minitenisa eta zaldi gainean ibiltzeko aukera egongo da. Baterako zein besterako, Zubikoa kiroldegian eman behar da izena, bulegoko ordutegiaren barruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak