Ingurune horretan, hegaldirako baldintza egokiak ditu Arantzazuko arroilean sortzen diren aire korronteei esker eta, gainera, santutegi inguruan dauden kareharrizko hormetan habia egiteko txoko aproposak aurkitzen ditu.
Jardunaldiari hitzaldi-solasaldi batekin emango zaio hasiera, 11:00etan, Mikel Olano ornitologoaren eskutik. Bere azalpenen bitartez eta modu erraz batean, animalia horren aspektu biologiko interesgarrienak ezagutu ahal izango dira. Besteak beste, espeziearen jatorria, elikadura, ugalketa, gaixotasunak, beste espezieekin duen bizikidetza... landuko dira. Gainera, hegazti horien jarraipen eta kontrol-lanak egiteko erabiltzen diren programa ezberdinak aztertuko dira, esaterako, markatze teknikak. Adituek baieztatu dutenez, Arantzazun dauden zenbait sai arre Araba eta Nafarroan markatuak dira. Bestalde, hegaztien migrazioak ezagutzeko erabiltzen diren teknologien inguruko informazioa emango da; esaterako, GPSa.
Gandiaga Topaguneko terrazatik behatzen
Sarraskijale honi buruzko saio teoriko-praktikoa egitea da helburua eta, horretarako, Gandiaga Topaguneko terrazetako batean behatoki bat ezarriko da aditu, zale eta hasiberriek hegazti horiek aztertu ditzaten.
Bertaratzen den orok nork bere prismatiko, monokulo edo teleskopioa erabiltzeko aukera izango du. Edozein kasutan, antolakuntzak beharrezko baliabideak jarriko ditu eskuragarri, hegaztion kalitatezko behaketa egin ahal izateko. Behaketa 12:30ean hasiko da. Ekintza honetan partehartzea doakoa izango da.
Turismo esperientziala Arantzazun
Arantzazuko parketxeak antolatu du ekimena, ingurunean turismoa sustatzeko helburuarekin. Jardunaldi hau turismo esperientzialaren eredua da, hau da, bizipen pertsonalen bidezko turismoa; kasu honetan, sai arrearen zuzeneko begiztatzearen bitartez lorturikoa.