Domeka eguerdian ez zebilen jende askorik, ezta uretan ere. "Gehienak bostak aldera etortzen dira, bizikletekin. Eguerdia nahiko lasaia da; gero etortzen dira koadrilak elkarrekin". Baina Usako dagoeneko erreferente bilakatu da Debagoienean ere. "Arrasate edo Bergaratik asko etortzen dira", azaldu digu Quintasek.
Bainua hartzen ikusi ditugu Joseba eta Beñat oñatiarrak. "Usakora etortzeko ohitura handia daukagu; uda bertan pasatzen dugu. Giltzatik salto egitera ere ausartzen gara! Ura hasieran hotza dago, baina gero gorputza ohitu egiten zaigu", diote irribartsu. "Saltoka ibiltzea da gehien gustatzen zaiguna; askotan etortzen gara, ia egunero-egunero uda sasoian".
Baina, giltzatik botatzea, libre ote da? Quintasek baietz esan digu: "Giltzatik salto egin daiteke; ez, aldiz, presatik. Izan ere, presa azpian harriak daude eta iaz ere gazte batek garun hezurrean kolpe handia hartu zuen. Harriak dauden lekuetan salto egitea debekatuta dago". "Ohiko zauriak, harriekin urratuak, zuhaitzekin egindako zauritxoak edota kolpe arinen bat".
Bost urte sorosleekin
Dagoeneko bost urte igaro dira Udalak sorospen zerbitzua jarri zuela Usakoko bainu gunean. Quintasek balorazio positiboa egin digu: "Sorosleari kasu egiten diete gaztetxoek; bost urte martxan dagoen zerbitzua da eta dagoeneko badakite arauak zeintzuk diren. Ez naiz ni esaten ibiltzen nondik salto egin behar den eta nondik ez, jakin badakite-eta".
"Gurasoendako lasaitasuna da, segurtasuna; haurra Usakora joan eta badakite norbaitek euren segurtasuna zainduko duela. Min hartu aurretik saihestu egin gura dugu", gaineratu digu.
Eta Usakoko bainuaz gozatzen duten gaztetxoek ere ondo ikusten dutela sorosle batek euren segurtasuna bermatzea azaldu digute. "Ume batek min hartu lezake eta sorosleak lagundu egingo die hala; oso ondo ikusten dugu norbait egotea gu zaintzen eta aholkuak ematen; gure hobe beharrez egiten dute", diote Josebak eta Beñatek.