Ekonomia soziala eta kooperatibak, "zibilizazioaren krisia" gainditzeko tresna

Julen Iriondo 2012ko ekainaren 22a

Goizean egin dute Oñatin Gizarte ekonomia eta kooperatiba arloetako ikertzaileen jardunaldien XIV. edizioaren amaiera ekitaldia. Hiru egunez aztertu dute ze erronka eta proposamen dituzten gizarte ekonomiak eta kooperatibek etengabe aldatzen ari den munduan. Ekonomia krisi baino haratago, zibilizazio krisi deitu dutena gainditzeko tresna garrantzitsu jo dituzte.

Jardunaldiaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta erkidegoko hiru unibertsitateen parte hartzea nabarmendu dute.MU, EHU eta Deustuko Unibertsitatea izan ditu lagun Ciriec, ekonomia publiko, sozial eta kooperatiboari buruzko nazioarteko ikerketa eta informazio zentroak jardunaldion antolaketan.

Donostian egindako bi saioei amaiera emateko, gaur, Oñatin, itxiera hitzaldia egin du Eunate Elio MU-ko Mik-eko ikerlariak. Bailarako kooperatiba mugimenduaren helburuetako bat hazkunde inteligente, integratzaile eta iraunkorra behar duela adierazi du, gizarte osoaren onerako izango dena, eta kooperatiba lanean ari dela etengabe egoera berrietara egokitzeko.

Krisiak eredu kooperatiboa indartu egingo duela adierazi du, eta eredu kooperatiboarekin hobe egiten zaiola aurre krisiari. Elkartasuna, lehiakortasuna, aberastasunaren banaketa, soldataren aurrean enpleguari ematen zaion lehentasuna... kooperatiben ezaugarriak nabarmendu ditu Eliok. Marcel Caballero Nazioarteko Ciriec-eko ordezkariak adierazi du, gaur eguneko krisia ekonomikotik haratago zibilizazioarena dela, kultura arloa, ekologia eta beste hainbat ere bere baitan hartzen dituen heinean. Gobernuek behea jo duen sistema konpondu nahi dutela adierazi du, baina ezinezkoa dela, aldatu egin behar dela, nahiz eta egun pribilegioak dituztenak ez dauden horretarako prest.

Ciriec-en prestutasuna agertu du ikerketaren eta informazioaren bitartez eraldaketa horretan laguntzeko, gehiengoaren mesedetan izango delako, ez interes pribatuen onerako, orain bezala. Demokrazia eta elkartasun balioetan oinarrituta, ekonomia sozialak egungo momentu historikoa aprobetxatu egin behar duela gaineratu du, eta horretarako helburu bera dutenen elkarlana proposatu, alternatiba bideragarri izateko.

Beste ideia nagusi batzuk ere mahaigaineratu dituzte gaurko itxiera ekitaldian parte hartu dutenek. Kooperatibismoari agerikotasuna eman beharra esaterako, beste batzuek ere bide bera har dezaten, eta gazteak arlo honetan formatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, eta horretan enpresek duten erantzukizuna nabarmendu.

Oñatiko alkate Mikel Biain ere izan da MUren enpresagintza fakultatean egindako ekitaldian, eta etengabeko hazkundearekin jarraitu ezinaren ideia plazaratu ostean, adierazi du kooperatiba dela gizarte eta garapen eredu hobeago baterako tresna justuena.

Eskerrak eman dizkie antolatzaileei jardunaldiok Oñatira ekarri izanagatik. Saioa ixtearen ardura Josu Zabala MUko errektoreak izan du, bailarako unibertsitateak aktibitate berriak sortzeko ekintzailetzari ematen dion garrantzia azpimarratu du, eta jardunaldien arrakastagatik zorionak eman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak