Debekua betidanik egon den arren ohitura bihurtu da han aparkatzea eta gidariei ez zaie zigorrik jarri. Futbol taldeen denboraldiak bukatu berri dira eta jende gutxi dabil Azkoagainen, baina neurririk hartu ezean egoera errepikatu egingo da datorren denboraldian.
Horren eta Lezesarri auzoko bizilagunen kexen eraginez, Udalak arazoaren aurrean neurriak hartzen hasi da. Futbol zelaira igotzeko eskailerak dauden puntutik, Urrintxo jatetxera arteko tartean ezin izango da autorik utzi, bi noranzkoetan. Debekua erakusteko marra horiak margotu eta seinale bertikalak ipini dituzte.
Hasteko, abisuak
Aparkatzeko debekua aintzat hartzen ez duten gidariei abisua ipiniko diete lehenengo, gaizki ohitutako gidariei begira. Behin abisua emanda, udaltzainak isunak jartzen hasiko dira. Bergarako Ertzain etxeari ere jakinarazi diote aparkatzeko debekua dagoela tarte horretan.
Auzotarrak, kezkatuta
Azkoagainen partiduak daudenetan –Aloñako edozein talderen edo beteranoen txapelketako partiduak izan–, errepidearen bi noranzkoetan aparkatzen diren autoek sortzen duten arriskuaz jabetuta, Lezesarriko auzotarrak udaletxera joan ziren euren kezka azaltzera: "Auzotarren kezka jaso ondoren, arazoari irtenbidea emateko Aloña Mendiko eta inguruko enpresetako ordezkariekin elkartu ginen. Alternatiba moduan, autoak Berezao industrialdean edo Urrintxo ondoan dagoen zelaia utz daitezke. Zelai horren erdiak, sartu eta eskuinetara geratzen den zatiak, erabilera publikoa dauka", esan du Mikel Biain alkateak.
Josu Lizarralde hirigintza zinegotziak beste aukera posible bat ere negoziatzen dabiltzala gaineratu du: "Zahor enpresakoekin egon gara eta aldez aurretiko jarrera ona erakutsi dute euren aparkalekua erabil dadin. Aste barruan 19:00etatik aurrera eta asteburuan egun osoan zehar. Aparkaleku hori gertuago dago eta beraz, aukera hori hobesten dugu. Hala ere, oraindik negoziatzen gabiltza eta ez dago ezer ziurrik".

Larrañako lanak, aurten beharko
Larraña-Zuazola institutuko futbol zelai zaharra alternatiba moduan ikusten du Udalak Azkoagaingo arazoarendako. Hala ere, Jaurlaritzaren lagapena ez da gauzatu: "Hezkuntza Sailaren azken baimenaren zain gaude. Gure asmoa zen irailerako edo urrirako beteranoen txapelketa Larrañara eramatea, baina atzeratu egin beharko dugu", adierazi du alkateak. Lanak aurten egin beharko dira, Aldundiak bideratu du-eta 50.000 euroko diru-laguntza. Lanak 2012ko aurrekontuan jaso zituen Udalak eta beraz, aurten hasi beharko dira.