Aurretik Aita Madinarekin edo Bidaurretako monastegiaren 500 urteurrenarekin egin bezala, CECA Oñatiko filatelia eta numismatika elkarteak herriko elementu bat oinarri duen zigilu bat kaleratu du. Julian Zelaia musikaria da kasu honetan protagonista, eta familiakoek duela gutxi egin zioten omenaldiaren harira sortu zen ideia.
Ideia gauzatzeko, familiari Zelaiaren hainbat argazki eskatu zizkioten; seiluan baina, ez da argazkia bera ageri, Jabier Erostarbe diseinatzaileak argazki horietako bat oinarri hartuta egindako irudi bat baizik. Seiluaren marrazkia dela eta Correosekin arazo bat konpondu ostean, denera 25 zigiluko 20 plegu atera dituzte: hamalau familiarendako, eta sei elkartekoendako.
Hurrengoa, Jose de Azpiazu
CECAko kide Luis Maiztegiren esanetan, gustura daude orain arte jendeak izan duen erantzunarekin, eta oraindik guztiz ziurra izan ez arren, Maiztegiren hitzetan posible da Udalarekin ados jarri eta seiluak Turismo bulegoan eskuragarri jartzea. Bestela, horrela gura duenak elkarteko kideei eskatuta ere lor ditzake edo zekafil@gmail.com helbidera idatzi. Seilu hauek gainera, ez dira apaingarri soilak, eskutitzak bidaltzeko ere balio dute.
Julian Zelaiarena da momentuz CECAkoek ateratako azken seilua, baina elkartekoak ez daude geldi; izan ere asmoa da Jose de Azpiazu musikariari omenaldia egiten diotenerako, berari eskainitako beste seilu bat ateratzea.