Jon Maiaren 'Gazta zati bat' dokumentala gaur Oñatiko Kultura Etxean

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 20a

Gazta zati bat dokumentala eskainiko dute gaur, eguaztena, Oñatiko Kultur Etxean, 19:00etan. Dokumentalarekin batera, Angel Oiarbide dokumentaleko protagonistak proiektuari buruzko azalpenak emango ditu. Ikuslea historiaren protagonista bihurtzen duen dokumentala da Gazta zati bat eta Jon Maia bertsolaria da zuzendaria.

Munduan bere gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen da istorio hau. Herritar xume batzuk, Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik misio handi bati ekingo diote: munduan zer izan erabaki ahal izatea.

Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen lekuko zuzenak izatera eramango ditu: Eskozia eta Euskal Herria. Letra txikiz idatzitako historia handi bat. Etorkizunari begira jartzen gaituen aro berriko dokumental bat.

Dokumental hau Idiazabalgo Nazioen Mundua herri ekimenak aurrera eramandako ekimena da. Jon Maia bertsolariak zuzendutako lana da.

Gazta zati bat dokumentalak euskal gatazkaren gaia era berritzailean aurkeztuko du: gertakizun handien hurbileko begirada eskaintzen du, historia handia letra txikiarekin kontatzen du, gertutasunez, intimismoz, umorez... Giza faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta albisteen kronika estereotipoetatik aldentzen da.

Historiaren making off-a da erakusten diguna. Denek ikusten dutena baino, ikusten ez dena erakutsiko digu: giza faktorea. Eta izen handien liluran erori barik, herritar xumeengan jartzen ditu fokuak. Iragan gatazkatsua eta iluna atzean utzi eta aurrera begira era positiboan jartzen gaituen istorioa da Gazta zati bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak