Adinaren arabera taldetan banatuta irtengo dira jendearen aurrera. Nagusiek banakako erakustaldia ere egingo dute baina txikitxoenak taldeka arituko dira. Esku librean batzuk, eta pilota, soka, uztai edo dena delako aparatuekin beste batzuk.
Bereziki gertatutako musika
Erakustaldian denetariko koreografiak egingo dituzte. Lide Osinaga gimnasia irakasleak azaldu du ez direla ohiko abestiak izaten: "Gimnasiarako bereziki prestatutako doinuak izaten dira. Koreografiek doinu bereziak behar izaten dituzte, erritmo aldaketa biziak dituzten abestiak, eta gainera hitzik gabeko abestiak izaten dira". Hala ere, kalean asko entzuten den abesti zati bat sartuko dute domekako erakustaldian: Pirritx eta Porrotxen abesti bat dantzatuko dute txikitxoenek.
Gimnasia erritmikoko ikasturtea irailean hasi zuten: astelehen eta eguenetan entseatzen dute kiroldegian. Azaldu dute ateak zabalik dituztela interesa duen edonorendako.